Lortu dugu!

2018/03/22
Beasaingo Antzizar kiroldegiko langileak
Prozesu luzearen ondoren, Beasaingo Antzizar kiroldegiko langileok lortu dugu lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmena. Ohar honen bidez, langileok erabiltzaile eta herritarroi eskerrak eman nahi dizkizuegu negoziazio prozesuan emandako babesagatik.

Prozesua luzea eta korapilatsua izan da, enpresak eta Udalak ez dizkigute gauzak erraztu nahi izan, baina azkenean sinatu dugu hilabete hauetan borrokatutako hitzarmena.

Zeintzuk izan dira lortu ditugun hobekuntzak?

  • Eros ahalmena errekuperatzera bidean, KPItik gorako soldata igoerak.
  • Urteko lan jardunaren murrizketa, hitzarmenaren amaieran 35 ordutako lan astea kontsolidatuz.
  • Zerbitzuak ez azpikontratatzeko bermea.
  • Lan Osasuna zaintzeko neurriak.
  • Hobekuntza sozialak.

Langileok hainbat mobilizazio egin behar izan ditugu hau lortzeko: kontzentrazioak; sinadura bilketak; kotxe-karabanak; poteo aldarrikatzaileak; eta hiru greba egun, besteak beste. Eta azkenik, antolakuntza sindikalak eta borrokak merezi duela ikasi dugu. Taldean antolatuta, ELAren eskutik hitzarmen duin bat lortu dugu.

Eskerrik asko bihotzez, bide honetan lagundu gaituzuen erabiltzaile eta herritar guztioi!

#emanbostekoa garaipenari!