Olentzero eta Mari Domingiren bisita jaso dute Beasaingo Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko grebalariek

2021/12/23
Olentzero eta Mari Domingiren bisita jaso dute abenduaren 23an Beasaingo Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko langileek. 13. greba eguna dute gaurkoa, eta aurten egingo den azkena izango da. Langileek kontzentrazioa ere egin dute, Beasaingo Udalaren eta Goxaran enpresa kudeatzailearen erantzukizuna aldarrikatu eta lan baldintza duinak eskatzeko.

Izan ere, Beasaingo Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua publikoa da eta Udala da zerbitzu horren titularra. Hala ere, enpresa pribatizatuta dago: Goxara enpresak kudeatzen du. Enpresak 28 langile inguru ditu, eta duela urtebete baino gehiago langileek euren aldarrikapenak helarazi zizkieten enpresari eta Udalari. Hala ere, bi aldeekin izandako bilerek ez dute fruiturik eman, eta mobilizazioetara jotzea erabaki dute. Lan baldintzak oso kaskarrak dira: langileek lan egiten duten orduen arabera kobratzen dute, eta ordu horiek oso aldakorrak dira hilabetez hilabete. Beraz, ezegonkortasun horrek eragin negatiboa du haien lan baldintzetan eta erabiltzaileei ematen dieten zerbitzuan.

Era berean, ELAk berriro ere salatu nahi du Eusko Jaurlaritzak ezarritako gutxieneko zerbitzuak neurrigabeak eta gehiegizkoak direla eta grebarako eskubidea urratzen dutela. Horregatik, Olentzerok eta Mari Domingik ikatza ekarri die Goxarani eta erakundeei, eta opariak langileei.