USABAL KIROLDEGIA (TOLOSA)

Piratak ez daude soilik itsasoan #Landeia

2023/11/14
Tolosako Usabal kiroldegiko langileek maiatzaren 8tik daramate greban euren hitzarmenaren alde. Langileek hiru urte daramate hitzarmena berritu gabe, besteak beste, honek erosteko ahalmenean dakarren galerarekin.

Gaurko egoera ulertzeko denboran atzera egin beharra dago. 2023. urterarte Kirolzer arduratzen zen Tolosako kirol instalazioen kudeaketaz, eta langileek enpresa hitzarmen propioa zuten. Ondoren BPXport enpresak hartu zuen kudeaketaren ardura. Enpresa aldaketa dela-eta, hitzarmena berritzeko negoziazioak 2023ko urtarrilaren 13rarte atzeratu ziren.

Hasieratik enpresa berriaren jarrera oldarkorra izan zen: mahai gainean jarritako eskaintza txarra izateaz gain ez zituen langileen gutxienekoak errespetatzen. Hilabeteak pasa ziren akordiorik gabe, eta langileek mobilizazioei ekin zieten, hainbat greba egun tarteko. Egoera konpontzen ez zela ikusirik, maiatzaren 8an greba mugagabeari ekin zioten.

Maiatzaren 28an Udal hauteskundeak izan ziren Hego Euskal Herrian. Bozek udal gobernuaren aldaketa ekarri zuten: ordurarte agintean zeuden EAJ eta PSE-EE oposiziora pasa ziren, eta EH Bilduk hartu zuen alkatetza, bozetan gehiengo osoa lortuta. Ordutik hona egoerari irtenbide bat bilatu asmoz hainbat saiakera egon dira, baina gaur gaurkoz egoerak horretan dirau.

Hitzarmen berria lortzeko gakoak

Hiru dira hitzarmenaren gakoak: erosteko ahalmena berreskuratzea, klaseak eta kategoriak prestatzea. Langileek argi dute borrokan jarraituko dutela oinarrizko hiru puntu hauetan euren aldarrikapenak lortu arte. Bien bitartean, BPXportek ez du akordiorako borondate askorik erakusten. Horren lekuko, irailean langileei egindako xantaia: enpresak hitzarmen probintziala aplikatzea proposatu zuen. Hitzarmen probintziala atzerakada nabarmena izango zen langileentzat, besteak beste 2027ko abenduren 31a arte ez luketelako soldata igoerarik izango.

Borroka gogorra

Eneko Egialde, Egoitz Eceiza, Haritz Zelaia eta Mila García de Iturraspe Usabal kiroldegiko langileak dira. Borroka gogorra izaten ari dela aipatzen dute, baina pozik daude langileen batasunarekin: ia langile denak, 31tik 29, greba babesten ari dira. Borroka gogorra bai, baina esperotakoa. Izan ere, ongi ezagutzen dute aurrean duten enpresa, BPXport.

“Kapitalaren %51a Madrilgo putre-funts baten esku dago. Milioika euro kudeatzen ditu funts horrek, eta bere helburu bakarra dirua irabaztea da. Berdin zaizkie langileen lan baldintzak, eskaintzen duten zerbitzuaren kalitatea, mehatxuak erabiltzea… Etekin ekonomikoa interesatzen zaie soilik, kasu honetan zerbitzu publiko baten kontu. Gurekin negoziatzera Santanderren bizi den galiziar bat etortzen da. Hona etorri, gurekin bildu eta bilera bukatzen denean ospa egiten du. Uste dugu pertsona horrek hitz bakarra dakiela esaten: ‘NO’. Berdin zaio guk zer esan, hori bakarrik esaten du: NO”.

Inbertsio funts-putreen helburu bakarra negozioa eta dirua dira. Eta, horretarako, langileak estutzeaz gain, eskaintzen duten zerbitzuaren kalitatea okertzen dute. Tolosako Usabalen hartutako neurri asko horren lekuko dira, langileek salatzen dutenez.

“Hasieratik dutxetako uraren presioa jaitsi zuten, gutxiago gastatzeko. Uraren tenperatua hainbat gradu jaitsi zuten, aurrezteko. Igeriketa ikastaroetako ratioa handitu zuten, kalitatearen kaltetan. Zenbait jarduera egiteko beharrezkoa zen baina material gutxiago ematen ziguten...”

Ospe txarra du BPXport enpresak, eta kudeatzen dituzten kiroldegi gehienetan lan gatazkak ohikoak dira. Tolosako aurreko alkateak, Olatz Peonek, ezin du esan horren jakitun ez zenik. “Guk geuk aurrez aurre esan genion zein nolako jendilajea diren, baina ez zigun jaramonik egin. Lasai egoteko esan zigun, lehendabizi ezagutu egin behar genituela, beste toki askotan gertatu dena Tolosan ez zuela zertan gertatu...”.

Babesak… eta oztopoak

Greba guztiak gogorrak dira. Are eta gehiago langile guztiak herrikoak badira eta eskaintzen den zerbitzua jende askori eragiten badio. “Guztiok Tolosan bizi gara, eta oso gogorra izaten ari da. Tabernan kafea hartzen edo okindegian ogia erosten ari garela jendea etortzen zaigu eta grebagatik galdetzen digute. Askok fede onez galdetzen dute, baina egia da ere zenbait jende fede txarrez ari dela gure kontra. Gezur asko zabaldu dituzte interes zehatzak dituzten hainbat lagunek, giroa kakazten saiatu dira, esanez ez dugula grebarako motiborik: ondo irabazten dugula, hitzarmena ona dela, gure eskaerak neurriz kanpokoak direla...”

Gezur horiekin herritarrak euren aurka jartzen saiatu direla diote langileek. “Usabalek 10.700 bazkide ditu, eta Tolosaz gain inguruko herriei zerbitzua ere eskaintzen die. Hau da, gutxi gora behera 40.000 herritarrei ematen zaie zerbitzua. Gainera, kirol ezberdinetako klubek ere erabiltzen dituzte udal instalazioak. Greba oso politizatuta egon da. Gatazka udalbatza batekin hasi genuen, eta tartean udal hauteskundeak egon dira. Orain beste gobernu talde bat dago. Honek guztiak eragina izan du gure kontra aritu izan diren lagun horiengan. Bitartean borrokan segitzea beste aukerarik ez digute utzi, eta hala egingo dugu”.

Izan ere, piratak ez daude soilik itsasoan, enpresa askotan eta inbertsio funts-putreetan ere topatu ditzakegu. Dotore-dotore jantzita, gainera.