Silizeak eragindako birika-minbiziak jota hildako langile baten familiari kalte-ordaina eman diote

2019/05/24
Legazpiko Joaquín Bereciartua enpresak zendu den langilearen familiari 170.000 euroko kalte-ordaina ematea onartu du, behargin hori silize-hautsarekiko esposizioan luzaroan egotearen ondorioz birika-minbiziaz hil zela frogatu baita. Langilea errotaria zen Legazpiko enpresa horretan 1979 urteaz geroztik.

Kalte-ordain horren bidez amaiera eman zaio prozedura judizialari, langile zenduaren familiak, erantzukizun zibila eta funtsezko eskubideen babesa alegatuz, sustatu zuenari; enpresak, lan-segurtasun eta osasunaren arloan, zituen eginbeharrak ez betetzeagatik.

Gogoratu beharrekoa da Lan-arloko Eibarko 1 zk.ko Epaitegiak, 2019ko otsailaren 14an, frogatutzat jo zituela enpresaren oso irregulartasun larriak denboran zehar, langileen lan-segurtasun eta osasunaren arloan. Eta langile zenduari buruz honela dio: "silize-hautsarekiko esposizioan egon zen haren lan-harremanetan zehar, onargarri diren mailetatik gora, eta horren ondorioz birika-gaixotasuna sortu zitzaion"; eta, gainera, 2009. urterako, hildako langilearen silize-hautsarekiko indizeek "arrisku-maila onartezina" erakusten zuten.

Ildo beretik ELAk azpimarratzen du JOAQUIN BERECIARTU, S.A. enpresaren arduragabekeria, zeren segurtasun-neurririk eza izan baita enpresa horren eguneroko ohitura. Eibarko epaian esandako beste hau ere nabarmendu beharrekoa da: hildako langilearen lankide batzuek silikosi-diagnostikoa zuten 2010. urteaz geroztik; eta, hala ere, enpresak ez zien jaramonik egin OSALANen gomendioei, zeinetan ohartarazten baitzen segurtasun-gabezia nabarmenak eta lazgarriak zeudela, eta ezin onartuzko arrisku-mailak gutxitzeko berehalako neurriak hartu beharra zegoela.

Halaber, ELA sindikatuarentzat onartezinak dira Zuzendaritzaren gaitzespen etengabeak, akordio judiziala dela-eta. Enpresaren segurtasun-neurririk ezagatik hildako bat tartean dagoela, harrigarria da beraien kezka-iturria ELA izatea, prebentzio-neurriak hartzea izan beharrean, horrelako gertaera tamalgarririk errepika ez dadin.

Azkenik, ELAk agertu nahi du bere konpromiso sendoa lan-ezbeharren aurkako borrokarekin. Borroka hori ezin da mugatu asmo oneko adierazpenak egitera edo eraginkortasun gutxiko zabalkunde-kanpainak egitera. Administrazio publikoek eta elkargo patronalek lan-osasuna jarri behar dute beren agenda estrategikoen erdigunean, gehiago luzatu gabe, lan-segurtasun eta osasunaren arloko lege-aginduak bene-benetan betetzeko, kanpora begirako itxurak egin gabe.