Tolosaldea Buseko langileek akordio ona lortu eta grebari amaiera eman diote

2018/11/14
9 hilabeteko grebaren ondoren, Tolosaldea Bus enpresako langileek akordio bikaina lortu dute, besteak beste %15etik gorakoa den soldata-igoera. Gainera, akordioan, lan-erreformatik blindaturik uzteko aurrera-eragin mugagabea sartu da; baita enpresak bere kabuz hitzarmena salbuesterik ez izateko klausula ere.

Bederatzi hilabete baino gehiago behar izan dira akordio bat lortzeko. Bederatzi hilabeteko aldi hori gogorra izan da, denbora horretan zehar langileek protesta-ekintza ugari burutu dituzte, enkarteladak, elkarretaratzeak, manifestazioak eta abar luze bat. Uztailean, zerbitzua berriro esleitzearekin batera, akordio bat lortu zen Tolosako hiri-garraiorako, Cuadra Bidean enpresarekin. Orduko negoziazioan bi ezaugarri erakutsi zituzten langileek: batetik, irmotasuna, ziurtasuna eta eskakizunen bidezkotasuna; eta bestetik negoziatzeko borondatea.

Duela hilabete bat gutxi-gorabehera, Tolosaldea Bus negoziatzen hastea lortu zen. Eta orain akordio handi bat egin eta greba bertan behera uztea erabaki dute langileek, %15etik gorako soldata-igoerarekin, besteak beste. Honela banatu dira igoerak:

  • 2018an %8,4, 2019an %5,1, 2020an KPI eta 2021ean KPI+%1,5

Gainera, akordioan lan-erreformatik blindaturik uzteko aurreraeragin mugagabea gehitu da, eta baita enpresak bere kabuz hitzarmena salbuesterik ez izatea ere. Langileek, elkar harturik eta beren eskakizunetan tinko, garaipen handi bat lortu dute. Horretarako, berebiziko garrantzia izan du ELAren erresistentzia-kutxaren laguntza.

Hilabete horietan guztietan inondik ere azaldu ez dena zerbitzuaz arduratu behar den erakundea izan da: Gipuzkoako Foru Aldundia. Markel Olano (EAJ) Ahaldun Nagusia eta Marisol Garmendia (PSE), Mugikortasun Saileko burua, erabateko arduragabekeriaz aritu dira epealdi osoan.

Zerbitzu publiko bateko langile diren aldetik, tratu arduragabea eman diete. Egia da zerbitzua azpikontratatua dela, baina gogaitu arte errepikatu duten gisara, zerbitzua bai azpikontratatu daitekeela, ez ordea erantzukizuna. Eta zerbitzuaren ardura izan arren, ez dira behin ere saiatu konponbide bat bilatzen. Ez dira saiatu alderdi biak elkarrengana hurbiltzen, elkarrizketa erraztearren. Are gehiago, 9 hilabeteko greba horretan ez dute nahi izan ezta langileekin bilera egitea ere, borrokaren zergatiak bertatik bertara ezagutzeko. Bost axola izan zaie langileen etorkizuna.

Herritarrekin ere arduragabekeriaz jokatu dute, zerbitzurik gabe egon baitira. Horren adibide garbia hainbat herritako alkateen irudi bitxia izan da, Aldundiaren aurreko elkarretaratzean bildurik, joan den ostiralean. Eta gobernu-taldeak ezikusiarena egin zuen. Herritarrak eta zerbitzurik gabe geratu izana ez zaie batere axola izan.

Alde handia dago Gipuzkoako Foru Aldundiaren arduragabekeriaren eta herritar zein elkarteen berotasunaren artean. Oraingo akordio hau, hein handi baten, herrikideei zor dietela azpimarratu dute langileek, eta beren esker ona adierazi. Jendea da zerbitzuaren erabiltzailea, eta beraz alde kaltetua; hala ere, ederki ulertu dituzte langileon arrazoiak.

Borrokak bere emaitzak ematen ditu beti.