Tolosaldea Bus-eko langileen manifestaziorako deia

Martxoaren 24an 2 hileko greba beteko dute Tolosaldea Busen. Grebaren arrazoiak bi dira, funtsean. Batetik, enpresaren ezezkoa hitzarmen bat negoziatzeari, lan-baldintzak duintzea bilatzen duen negoziazioari. Eta bestetik, behin gatazka hasita Tolosako hiri-garraioan lan egiten zuen emakume langile bat kaleratu izana.
Tolosaldea Bus enpresak bi zerbitzu hauen esleipena hartu zuen: Tolosaldeko linea-zerbitzua eta Tolosako hiri-autobusaren zerbitzua. Eta orain enpresa horrek entzungor egiten die langileen eskariei. Bestalde, Gipuzkoako Aldundiak eta Tolosako Udalak beste aldera begiratzen dute, baina zerbitzu publiko azpikontratatua denez, haiek ere badute beren erantzukizuna gatazka honetan.
Mugikortasun eta Lurralde Antolamenduko foru diputatu Marisol Garmendiak orain dela gutxi argitaratu duen artikulu batean zera dio: Tolosaldeko bidaiarien kopurua %8,5 hazi dela 2017an. Era berean, garraio publikoaren eraginkortasuna hobetzearen aldeko apustua egiten duela dio.
Tolosaldea Busek ia 50.000 biztanleko eskualde bati ematen dio zerbitzua. Garraio publikoaren eraginkortasuna hobetzearen aldeko apustua egitea eta, aldi berean, bi hilabeteko gatazkan egon arren, beste aldera begiratzea zurikeria hutsa da. Gainera, Mugikortasun Sailari bilera eskatu diogu urtarrilaren 30ean, eta oraindik ez digu erantzunik eman. Aldundiaren jarrera hori arduragabea eta kezkagarria da. Gipuzkoako Foru Aldundia prekarietatea finantzatzen ari da, zeren Aldundiak eta Tolosako Udalak enpresa pribatu bati esleitu diote zerbitzua, eta ez dute egiten ezta jarraipenik ere ea esleipenaren baldintza-orrietan ezarrita dagoena benetan betetzen den ala ez.
Zergatik esaten dugu baldintza-orriak ez direla betetzen? Badago diru-sail bat, zehazki 46.400 €, autobusak garbitzeko. Hala ere, gidariak dira autobusak garbitu behar dituztenak; horren trukean inolako plusik edo osagarririk jaso gabe. Tolosako Udalaren baldintza-orrietan jasota dago, halaber, hiri-zerbitzuaz bi gidari arduratu behar direla, lanaldi osoan, eta beste bat, lanaldi partzialean. Enpresak, ordea, bi gidariz bakarrik ematen du zerbitzua. Horren ondorioz bi gidari horiek lanaldi luzeagoa egin behar dute, legez dagokiena baino, astean 44 orduko lanaldia, alegia. Nora joan da hirugarren gidariarentzat zegoen dirua? Gainera, lanpostu bat amortizatu dute, emakume langile bat kaleratu baitute. Egoera hau onartezina da, behar den pertsonalarekin baino gutxiagorekin ematen baita zerbitzua. Emakume langile hori berriro onartzeko eskatzen dugu, eta baita baldintza-orriak oso-osorik betetzeko ere.
Nor ari da aberasten bitartean? Tolosaldea Bus, esan beharrik ez dago, eta gainera denon diruarekin.
Tolosaldea Buseko langileen erreibindikazioak lan-baldintzak duintzea eta kaleraturiko emakume langilea berriro onartzea dira. Horretarako, manifestazio baterako deia egiten dugu. Martxoaren 22an, osteguna, 18:30etan abiatuko da Tolosako Triangulo plazatik, Tolosako hiri-lineako eta Eskualdeko herriarteko lineako erabiltzaile guztiak gonbidatzen ditugu parte hartzera.
Azken batean, grebaren ondorioak jasaten dituztenak erabiltzaileok gara; gainera, guk geure zergekin ordaintzen dugu garraioko zerbitzu publikoa. Gure eskubidea da berehalako konponbideak eskatzea.