Tolosaldeako Asuncion Klinikako beharginen lan baldintzek ez dute onera egin

2018/02/28
Asuncion Klinikako (Inviza)ko langileek bi hilabete daramatzate mobilizazio eta lanuzteekin. Tolosaldeako Osasun Zerbitzua okerrera doala egunez egun salatu du langileen batzordeak. Honen esanetan, oinarrizko arazoa lan baldintzen prekarizazio sistematikoa da. Langileen batzordeak bi asteko epea eman dio enpresari negoziazio mahaia deitu dezan, behingoz seriotasunez negoziatzen hasi daitezen.

Bi hilabeteren ostean gure egoerak ez du hobera egin.

  • Pertsonal falta gure egunerokotasunean ohiko bihurtu da. Ratioak eskualdeko beste ospitaleetan (Zumarraga, Donostia…) baino altuagoak dira. Ondorioz, paziente gehiago atenditzen ditugu, pertsonal gutxiagorekin, ondorioz, lan kargen handitzea etengabea izaten ari da azken urte hauetan.

  • Klinikako langileak joaten ari dira lan baldintza tamalgarrien ondorioz: erizainak, auxiliarrak, garbitzaileak, medikuak… ondorioz osasun zerbitzuaren egoea larria da.

  • Azpiegiturak tamalgarriak dira, hauetan egiten den inbertsioa minimoa da zerbitzua manten dadin.

  • Lan hitzarmenik gabe jarraitzen dugu eta 2013an hasi eta gaur egun oraindik akordiorik lortu ez dugun negoziazioan ez da aurrerapauso nabarmenik eman, enpresak bien bitartean jarrera lotsagarria izaten jarraitzen du.

  • Gure soldata izoztua dago, eroste ahalmen galera ikaragarria jaso dugu azken urteotan eta gure arduradunei bost axola zaie, beraiek aberasten jarraitzen duten bitartean.

  • Gure lan jardunak, osasun publikoan lan egiten duten langileena baino altuagoa izaten jarraitzen du.

  • Kontratuen irregulartasuna eguneroko errealitatea da, Invizak bere plantilla handitu badu ere, ebentualitatea geroz eta handiagoa da.

  • Lan egitera joateagatik ordaindu behar dugu, Asunción Klinikako parkina Montoya Jaunarena da, Geusa empresarekin kudeatzen duena. Eta guk egunero bere irabaziak handitzen laguntzen diogu.

  • Orain beste desberdintasun baten aurrean aurkitzen gara, administrazio publikoarentzat lan egin arren, bertan gure lan esperientzia ez da hala puntuatzen, enpresa pribatu bateko langile garelako, ematen dugun zerbitzua publikoa den arren.

Guzti honen ondorioz, Tolosaldeako Osasun Zerbitzua okerrera doa egunez egun. Zuzendaritzak errealitatea gezurren bidez estaltzen du. Honen oinarrizko arazoa gure lan baldintzen prekarizazio sistematikoa da.

Egoera larri honen aurrean, Eusko Jaurlaritzako sailburu den Jon Darponi bilera bat eskatu genion. Otsailaren 14an bildu ginen Osasun Sailarekin, gure eskaerari esker. Gure kezka transmititu genien zerbitzuko erabiltzaile eta langile bezala. Beraiek hurrengoa erantzun ziguten: beraien helburua osasun zerbitzua ahal den modu egokienean eskaintzea dela, eta dauden efizientziak konpontzea. Gure nagusiak duen eskaera publikoa erantzun behar duela ere jakinarazi ziguten hau garatzen dela ziurtatuz. Baina berriro azalarazi genien egoera beraien helburutik oso urrun dagoela: gaur egun Tolosaldean ez dela eman beharreko osasun zerbitzua eskaintzen eta honek lotura zuzena duela jasaten ari garen prekarizazio sistematikoarekin. Baina bilera honen ostean ez dugu aldaketarik nabarmendu, guztiz kontrakoa; zerbitzua geroz eta prekarioagoa da. Horregatik, berriro eskatzen diogu Jon Darponi berehala esku hartu dezala.

Honela, otsailaren 21an gure egoera Legebiltzarrean azalerazteko aukera izan genuen; EH Bilduk erraztu zigun aukera hau. Bertan ere Tolosaldeako osasun zerbitzuak eta langileok bizitzen ari garen egoera larriaren berri eman genuen.

Guzti honen aurrean eskerrak eman nahi dizkiegu, Tolosaldeako biztanleei gure borrokan egunez egun bide lagun izateagatik, gure egoera sozializatu duten komunikabide guztiei, beren babesa agertu diguten partidu politikoei eta lehenengo momentutik alboan izan ditugun eragileei.

Azkenik, bi asteko epea ematen diogu enpresari negoziazio mahaia deitu dezan, behingoz seriotasunez negoziatzen hasi daitezen.