Dachser Group-ek (Transportes Azkar) negoziatzeko borondaterik erakusten ez badu, langileek greba egingo dute maiatzaren 22an

2017/05/15
2009 urtearekin batera iraungi zen Gipuzkoako Garraio hitzarmena. Une horretatik gaur arte Zubietako Dachser Group-eko (Transportes Azkar) langileok beraien lan baldintzak bermatuko lituzkeen lan hitzarmenik gabe daude. Hona hemen langile ordezkarien adierazpena.

2009 urtearekin batera iraungi zen Gipuzkoako Garraio hitzarmena. Une horretatik gaur arte Zubietako Dachser Group-eko (Transportes Azkar) langileok gure lan baldintzak bermatuko lituzkeen lan hitzarmenik gabe gaude. 8 urte luze jada.

 

20009tik hona aldaketa asko jasan ditugu Zubietako Azkar Dachser Groupeko langileok.Transportes Azkar zena Alemaniako Dachser-ek erostea; Azkar sortu zen Lazkaoko delegazioa itxi eta langile guztiak Zubietako zentroan batzea; antolakuntza eta prozedura aldaketak; etxeko kamioi gidarien murriztea eta gidari autonomoen kontratatzea, besteak beste.

 

Ezinegona eta etorkizunarekiko kezka handitzea ekarri dute aldaketa horiek guztiek langileontzako. Laneko egunerokotasunean jasaten dugun erritmo bortitzak eta presioek ere nahitaezko ekarpena egin dute gure lan baldintzen okerreratzean. Enpresako zuzendaritzak gainera behin eta berriz ezezkoa ematen digu Enpresa Batzordea eta sindikatuko aholkulariarekin batera biltzeari. Gogoratu behar da, sindikatuko aholkulariaren laguntza edukitzea legez dugun eskubide bat dela.

 

Guzti honi aurre egiteko Dachser Groupeko Zubietako langileok asanbladetan eztabaidatu ondoren enpresa mailako lan hitzarmen bat lortzeko pausoak ematen hasiko ginela erabaki genuen.

 

Enpresa Batzordeak ELA Sindikatuko arduradunarekin batera Enpresa Hitzarmen berriaren zirriborroa idatzi eta lantokiko iragarki taulan jarri genuen,langileek euren ekarpenak egin ahal zitzaten. Apirilaren amaieran Enpresa Batzordea Zubietako zentroko zuzendaritzarekin batu ginen hitzarmen berria negoziatzeko borondatea azalduz. Enpresa zuzendaritzak muzin egin zion negoziaketak hasteari, bere eskumenen artean horrelakorik ez zegoela argudiatuz. Enpresa Batzordeko kideek bilera horretan bertan eskatu genion zuzendaritzari negoziatzeko eskumena duen Madrilgo kontaktu bat emateko lan hitzarmenari buruz hitz egiteko. Aste bete beranduago iritsi zen erantzuna: ez zen negoziaziorik izango eta Enpresa Batzordeari ez zitzaion inongo kontakturik emango inolako negoziaziorik hasteko.

 

Honen ondorioz maiatzaren 10ean asanblada deialdi berriak egin genituen eta bertan langileon gehiengo handi baten babesarekin datorren maiatzaren 22rako egun osoko greba deialdia onartua izan zen.

 

Azkar Dachser Group-eko langile asanbladak zera dio: 8 urte lan hitzarmenik gabe nahikoak dira. Hitzarmen batek soilik bermatuko liguke urtez urte jasan dugun lan balditzen okerreratzea gelditzea. Gure negoziatzeko borondatea argia da, baina behin eta berriz jaso dugun ezezkoaren aurrean ezinbestekoa egiten zaigu neurriak hartu eta jasaten ari garen mespretxuari erantzutea. Beraz negoziatzeko borondaterik ezean aldaketarik ez badago, Enpresa Batzordeak maiatzaren 22ko greba egunean aktiboki parte hartzeko deia egiten die Zubietako Azkar Dachser Group-eko langile guztiei.

 

Langileen ordezkaritza.