UBER (BIZKAIA)
“Egun osoa APP bati adi bizi gara”

Luis da Bizkaian UBERentzat lan egiten duen ELAko afiliatu horren fikziozko izena. Nahiago du bere benetako izena ez ematea, ezta bere argazkia argitaratzea ere, bere beste lanean kalte egin diezaiokeelako. Bai, enplegu-aniztasuna. Edo, bestela esanda, LGSra ozta-ozta iristen den lanaldi osoko lana duzunean bizirik irauteko modua.
Nolakoa da UBEReko langile baten egunerokoa?
Enpresaren instalazioetara joan behar dugu, Getxora. Han APP batera konektatzen gara, eta horrek, egun horretarako esleituta dugun ibilgailua eta eremua adierazten digun beste APP baterako sarbidea ematen digu. Denak aplikazioaren bidez funtzionatzen du. Autoa aplikazioarekin irekitzen dugu, autoa aplikazioarekin abiatzen dugu, gure lanaldia aplikazioarekin kalkulatzen dute...
Eta aplikazioak huts egiten badu, bertan-behera geratzen zara. Batzuetan, eskaera handia badago, aplikazioak arazoak ematen ditu. Edo sarean ere izaten dira aplikazioari eragiten dioten arazoak. Eta APPa ez badabil, ezin duzu autoa ireki edo abiarazi. Ezagutzen ditut APParen arazoengatik ordubete baino gehiago bertan-behera geratu diren lankideak.
Azter ditzagun aldarrikapen nagusiak. Lehenik eta behin, soldata hobetzea eskatzen duzue.
950 euro kobratzen ditugu. Gero, enpresak plus batzuk aplikatzen dizkigu Lanbide arteko Gutxieneko Soldatara iritsi ahal izateko. Egia da gauez lan egiten dutenek plus txiki bat dutela, baina, gero, enpresak LGSra iristeko ematen dizkiguten beste plus osagarriak kentzen dizkie pertsona horiei, eta, beraz, LGSa kobratzen dugu beti. LGSa baino gehiago kobratzeko pizgarri batzuk eskaintzen dizkigute, baina nik, hemen bi urtez lan eginda, ez ditut inoiz bete. Pizgarri horiek bete ahal izateko, egunean 11 edo 12 orduz lan egin behar duzu. Eta ez dut uste bezero batentzat onena denik garraio-zerbitzu bat eskaintzen dionak 11 ordu baino gehiago jarraian lanean ematea.
Lanaldia ere funtsezko beste gai bat da akordio bat lortzeko.
Zerbitzua eskaintzen den bidaia-denbora bakarrik zenbatzen digute lan-denboratzat, gehi denbora horren % 30. Getxotik Bilbora eramaten bazaitut eta 20 minutu behar baditut, lan denbora gisa 20 minutu horiek zenbatzen dizkidate gehi horri dagokion % 30a, beste 6 minutu. Gero, beste zerbitzu bat iritsi arte igarotzen den denbora ez litzateke laneko denbora izango. Inork imajinatzen al du ospitale batean guardian dagoen mediku bati pazienteak artatzen ari den denbora bakarrik kontatzea laneko denbora gisa, eta ez guardiako ordu guztiak? Egun batzuetan Bilbon ekitaldi garrantzitsuren bat izaten da, eta egun osoan bezeroei arreta ematen egoten zara etengabe. Baina aste barruko egun batzuetan, agian, ia ez dago bidaiarik, eta, beraz, APPak apenas zenbatzen digu laneko denborarik.
Enpresarekin egindako bilera batean esan genien bazirela urtean gehiegizko 120 lanorduko lanaldia metatu zuten lankideak. Haien erreakzioa APPa begiratzea izan zen, eta alderantziz zela erantzutea, haiek zor zituztela lanorduak. Ezinbestekoa da gure lanaldia benetako lanorduetan zenbatzea.
Egun osoa APPari adi, ezta?
Bai. Baita oporrak eskatzeko ere. Teorian, plantillaren zati txiki batek bakarrik eska ditzake oporrak udako hilabeteetan, jarduera handieneko hilabeteak direla suposatzen baita. Ondo. Enpresak mezu bat bidali ohi du aplikaziora oporrak hartu ahal izateko, eta APP bidez egin behar da. Izena lehenengo ematen duenak hartzen du txanda. Ni nahiko gaztea naiz eta telefonoarekin moldatzen naiz, baina badira 55-60 urte dituztenak eta APParekin arazo gehiago dituztenak. Horren ondorioz, pertsona horiek ezin dituzte oporrak behar dituztenean hartu, izena eman ahal izateko orduan oihaneko legeak agintzen baitu. Eta langile arrazializatuak ere baditugu, gaztelaniaz bidaltzen dizkiguten mezuak ulertzeko arazo gehiago eta euren opor-egunak aukeratzeko zailtasun gehiago dituztenak.
Urtebete daramazue negoziatzen. Zer dio enpresak?
Trileroak dira. Ia ez dira mugitu. Gure plataforma aurkeztu genienean esan genien Bilbo ezin dela Estatuko gainerako lurraldeekin alderatu, hemen, adibidez, etxebizitza askoz garestiagoa dela eta ezinezkoa dela LGSarekin bizirautea. Erantzun ziguten gure datuei begira egon zirela eta gehienok ez ginela Bilbon bizi, inguruko herrietan baizik. Noski, niri gustatuko litzaidake Kale Nagusiko luxuzko pisu batean bizitzea, baina LGSa kobratuta, ba ez zait iristen...
Hiru greba egun egingo genituela iragarri genuenean esan ziguten: ‘Oraindik bi hilabete daramatzagu negoziatzen eta greban jartzen zarete?’. Ez, barkatu, urtebete daramagu negoziatzen saiatzen. Beste gauza bat da zuk guri kasurik ez egitea. Grebaren jarraipena oso garrantzitsua izan da, eta zerbitzuari kalte handia egin zaio. Argi dugu borrokan eta mobilizatzen jarraituko dugula akordioa lortu arte.
UBERek irabazi handiak ditu. Sektore hori monopolizatu nahi dute, eta prekarizazioaren eta langileen esplotazioaren kontura egin nahi dute. Greba honen ondoren mugitzen ez badira, gehiago etorriko dira.
Prekarietatea lan-erreformari esker
Sergio Vadillo ELA-Zerbitzuak-eko Bizkaiko kideak nabarmendu du UBERen grebaren helburua UBERek urtero milioi askoko irabaziak lortzen dituen bitartean Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata kobratzen duten langileen enpresa-hitzarmena hobetzea izan zela. “Duela lau urte, Ares Capital izeneko enpresa batean hauteskunde sindikalak egiteko aurreabisua iritsi zitzaigun. Enpresara joan ginen lehen hartu-emana egiteko, eta konturatu ginen UBER zela. Hautagaitza bat egiten saiatu ginen, baina ez genuen lortu. Hautagaitza ‘independente’, komatxoen artean, bakarra egon zen. 20 pertsona inguru ari ziren lanean, eta ordezkari bakarra aukeratzen zuten!.
“Kontua, hasiera batean, horrela geratu zen. Enpresara bisitak egiten jarraitu genuen, halako batean sindikatura hurbildu zen jendea egon zen arte. Hitz egiten hasi ginen eta euren lan-errealitatea erakutsi ziguten. Iaz, enpresa 20 langile inguru izatetik 100 baino gehiago izatera igaro zen. Orduan hauteskunde partzialak egin genituen. Orain, 9 ordezkarietatik 8 ELAkoak dira. ELAkoa ez den ordezkari bakarra enpresak enpresaren hitzarmena sinatzeko antolatu zuen hautagaitza ‘independente’ horretakoa da.
Lan-erreformak ahalbidetzen duen miseriazko hitzarmena. “Amazonek azpikontratazioa erabiltzen du lan-baldintzak prekarizatzeko, Glovok autonomo faltsuak eta UBERek lan-erreforma, azken batean horrek ematen baitio miseriazko hitzarmenak egiteko aukera. Zorionez, kasu honetan, lan-prekarietatearen aurka borrokatzeko eta enpresa-hitzarmen egokia lortzeko prest dagoen langile-talde bat dugu”.