“ELA prest dago negoziazio kolektiboan erasora jotzeko”

2018/02/21
ELAko ehundaka delegatuk elkarretaratzea egin dute gaur goizean Bilboko Iberdrolaren egoitza aurrean, zerbitzu pribatuen sektorean prekarietatea eta azpikontratazioa hedatzen ari direla salatzeko. Bilkuraren aurretik asanblea batean parte hartu dute, non subrogazioa aldarrikatu duten enpleguaren egonkortasuna bermatzeko. Bere hitzaldian, Adolfo Muñoz "Txiki" idazkari nagusiak esan duenez, "ELA prest dago negoziazio kolektiboan erasora jotzeko”. Muñozekin batera, Zerbitzuak federazioko idazkari nagusi Mari Cruz Elkorok ere hitz egin du.

Muñozek esan du ELA prest dagoela prekarietateari eta azpikontratazioari aurre egiteko; horretarako, baina, tresnak eta antolakuntza beharrezkoak dira: “Ez dute nahi grebak egiterik; ez dute nahi enpresarioen eta administrazioen erabakiak zalantzan jartzerik, duintasunik gabeko lan-baldintzak ezartzen dituztenean. Sindikalismo erreibindikatiboa ez dute jasaten, are gutxiago jendeari borrokatzeko bitartekoak eskaintzen badizkio, esaterako, erresistentzia-kutxa”.

Mari Cruz Elkorok nabarmendu duenez, “federazio honek azpikontratazio publikoaren erronka handiari aurre egin behar dio, gaur lan prekarioa nagusi baita hor”, eta salaketa bota du: “jendea beldurtuta egotea nahi dute, beti haritik zintzilik; geurea aldarrikatzeko ahalmenik gabe utzi nahi gaituzte”.

Elkorok subrogazioaren gaiari eman dio garrantzia, “azpikontratetako osagai nagusi gisa”. Izan ere, “subrogazioaren erreibindikazioa oso soila da: enplegu egonkorra aldarrikatzea”. Salatu duenez, “herri honetako enpresarik handienek, esaterako hemen ondoan dugun Iberdrolak, kontratu prekarioetan txapeldunak” dirak.