Abenduaren 12tik aurrera greba mugagabea Bizkaiko Bulegoen Sektorean

2018/11/28
ELAk greba mugagabea deitu du Bizkaiko Bulego eta Langeletan abenduaren 12tik aurrera. Erabakia Bilbon ospatu den ordezkarien batzarrean hartu da. Bizkaiko bulego eta langeletako lan hitzarmena 2012a ezkero berritu gabe dago. Garai hartan, onartu berri ziren lan erreforma guztiak baliatu zituen CEBEkek hitzarmena hiltzat jotzeko.

ELAk urteak daramatza sektoreko langileak egoeraz jabetzeko lanean eta euren lan baldintzen alde borroka egiteko prestatzen. Gero eta prekarioagoa den sektoreaz ari gara hitz egiten, Bizkaian 23.000 langile inguruk egiten dute lan eremu honetan. Jasan behar izan dugu 2012a ezkero lan baldintzak izoztuta izatea eta jasan dugu estatu mailako hitzarmenen lan baldintzak izatea kontratazio berrietan. Sektorearen zati handi bat enpresa handientzat lanean ari diren azpikontratatutako langilegoa da.

Atzo, ELAren eskariz, eta 19. aldiz hitzarmenaren mahai “negoziatzailea” bildu zen. Proposamen berria egin duen bakarra ELA izan da, greba mugagabea ekiditeko bidean gutxieneko edukiak jasoko lituzkeen hitzarmen proposamena eginda. 2009ko hitzarmenera itzultzea, irabaz ahalmena berreskuratzea eta adostutakoa errespetatua izateko eraispenaren aurkako klausula jasotzea da mahai gainean jarritakoa.

Bulego eta langeletako hitzarmena indarrean egon da krisialdiaren une gogorrenetan eta enpresek irabaziak izan dituzte. Orain krisirik gabe eta sekula baino irabazi handiagoak izan arren CEBEK-ek dio ezin duela mantendu antzinatasun plusa eta soldata igoeretan gutxieneko bermea, ordura arte jasota zegoen bezala.

Patronalak egiten duena xantaia hutsa da. Bi urtez negoziatzen ibili ostean, sektoreko enpresa gehienentzat onargarri den gutxieneko proposamena mahai gainean jarri eta gero Patronalak dio “euren proposamena onartu ezean 2009koa baino hitzarmen okerragoa sinatzea edo ezer barik geratzea” beste aukerarik ez dagoela.

Datorren hilabetean 5 urte beteko dira estatu mailako hitzarmenak gure enpresetako kontratazio berrietan aplikatzen hasi zirenetik. 5 urte hauetan lan baldintzen eskala bikoitzak, enpresetan diskriminazio eta injustizia egoerak (batzuei Bizkaiko hitzarmena eta besteei estatukoa) eta milaka familia soldata igoerarik gabe egon dira. Horregatik diogu sekula baino gehiago mobilizatu eta greba mugagabea beste aukerarik ez dugula.

Arrazoi guzti hauengatik, lan erreformei eta patronalaren xantaiei erantzutea beharrezkoa da. Sindikatuaren helburu bakarra da lan baldintzak hobetzea eta horregatik ELAk greba mugagabea deitu du Bizkaiko Bulego eta Langeletan abenduaren 12tik aurrera.

Hasteko, bihar azaroak 29 iluntzeko 19:00tan manifestazioa abiatuko dugu Bilboko Plaza Biribiletik eta dei egiten diegu sektoreko langile guztiei bertan parte-hartzera patronalari esateko euren xantaia ez dugula inondik inora onartuko.