Tubos Reunidos Premium Threads
Akordioa bermeekin, lanaldi murrizketarekin eta KPIaz gaindiko soldata igoerekin
Zortzi asteren ondoren, bertan behera utzi du greba Langraiz Okako Tubos Reunidos Premiun Threads enpresako langile batzordaek (ELAk 2 ordezkari ditu, CCOOk 2 eta UGTk 1). Izan ere, plantillak helburuak bete ditu akordio batekin: lan erreformaren aurkako bermeak txertatu dira akordioan (inaplikazio klausula), baita hiru eguneko lanaldi murrizketa eta KPIaren gaineko soldata igoerak ere, besteak beste. Horrela, 73 langileek enpresa ituna gainditzea eta hitzarmen kolektibo propioa edukitzea lortu dute.
Zehazki, soldatei dagokionez, KPIa+ %1,5ko igoera lortu dute akordioaren 2024-2026 indarraldiko urte bakoitzerako, eta plusak ere hobetu dituzte, hala nola, % 10 gaueko lanean eta %15 antzinatasunean, beste hobekuntza batzuen artean. Gainera, ultraktibitate mugagabea ere jaso da akordioan, eta horrek esan nahi du lan baldintza hauek bermatuko direla nahiz eta hitzarmena iraungita egon.
Uztailean enpresak hitzarmen propio bati uko egin zion, eta hainbat zailtasun izan dira negoziazioan, batez ere enpresak ABLE bat inposatuko zuela iragarri zuenean. Hala ere, langileek borrokari eutsi dutelako lortu da akordio on bat.