Gipuzkoako kale garbikuntza eta zabor bilketa

Akordioa erosahalmena bermatuko duten soldata igoerekin

2023/12/14
Abenduaren 20rako deitutako greba mugagabearen presioaren ondorioz, ELAk, %60,78ko ordezkaritzarekin sektoreko sindikatu nagusiak, akordioa lortu du.

Gipuzkoako kale garbikuntza eta zabor bilketa sektorean hitzarmen berria lortu du ELAk, 2026ra arteko iraunaldia izango duena. Besteak beste, KPI araberako soldata igoerak, errelebo kontratua hedatzea eta Geroa BGAEan sartzea barnebiltzen du; horri esker sektoreko lan baldintzak duindu dira. Halaber, kategoria profesionalak sortuko dira lan administratibo eta teknikoak egiten dituzten langileentzat, baita plantakoentzat ere. Horrela, kolektibo zeharo feminizatu horren diskriminazioa apaltzea lortuko da, erabat maskulinizatutako sektore batean.

Behin akordioa aztertuta, sektoreko ELAko ordezkariek erabaki dute proposamenak hitzarmena berritzeko aukera ematen duela, eta horrenbestez, bertan behera utziko dutela greba mugagaberako deialdia, zeinak 1.500 laguni eragingo zien. Gipuzkoako kale garbitasun, zabor bilketa, zabortegi, erraustegi, hondartza garbikuntza, bilketa selektibo, birziklapen planta eta estolderia sektoreko hitzarmena berritzeko aukera emango duen aurreakordio hori bihar, hilak 15, sinatuko da ASELIP eta SERBITZU S.L enpresekin.