Akordioa Gipuzkoako lokaletako garbikuntza alorrean

2018/10/15
Urriaren 15ean ELAk, CCOO, UGT eta ESK sindikatuekin batera, Gipuzkoako Eraikin eta Lokaletako Garbikuntza Hitzarmena sinatu du. % 1,5eko soldata-igoera (KPI+0,4) ezarri da, eta aurrera-eragin mugagabea berreskuratu. Hori dela-eta, sektorea askoz hobeto kokatu da datorren hitzarmenaren negoziazioan soldata-arrakalari aurre egiteko.

Hona hemen akordioaren puntu nagusiak:

  • Indarraldia: 2018ko urtarrilaren 1etik abenduaren 3ra arte.
  • Soldatak: % 1,5 (KPI+0,4), eta atzerakinak urtarrilaren 1etik.
  • Aurrera-eragin mugagabea.
  • Genero-diskriminazioak garbikuntza-sektoretik ezabatzearen aldeko adierazpena, soldata-diskriminazioak barne.

ELAk oso ongi deritzo akordioaren edukiari. Batetik, soldata-igoerari esker garbitzaileen eroste-ahalmenari eutsiko zaio. Bestetik, ultraaktibitate mugagabea oso garrantzitsua da negoziazio kolektiboaren estatalizazioa, lan-erreformetatik datorrena, baztertzeko; eta, gainera, hitzarmenik gabe geratzeko arriskua desagertuko da. Hori dela-eta, sektorea askoz hobeto egongo da aurrerantzean beste borroka batzuk egiteko. Azkenik, urtebeteko indarraldia duenez, hurrengo hitzarmenaren negoziazio-mahaia berehala eratu ahal izango dugu, eta horrela negoziazioa bizi-bizi mantenduko da hurrengo helburuari begira: soldata-arrakala berdintzea.

ELArentzat funtsezkoa da Gipuzkoako Garbikuntza Sektorean dagoen soldata-arrakalarekin bukatzea. Bide Garbikuntzaren Sektorea, non gizonezkoak gehien-gehienak diren, % 28 gehiago ordaintzen da, Eraikin eta Lokaletako Garbikuntzaren sektorean baino, non emakumezkoak gehiengoa diren. Hori urtean 5.000 €-ko aldea da, kalean lan egiteagatik ematen diren plusak sartu gabe. Konparazio hori egiteko, kontuan hartu diren erreferentziak hauek dira: bide-garbikuntzako peoia (kale-garbitzailea) eta eraikin eta lokaletako garbitzailea. Kategoria berdinak eta lan berdinak (garbitzea). Egoera hori onartezina da, eta sektore pribatuko kontratetan zein sektore publikokoetan gertatzen da.

Gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna eragile ekonomiko eta politiko guztien agendan agertu behar da. Eta ELAk gogor ekingo du hori horrela izan dadin. Justizia sozialeko kontua da.