Atento Bilbao telemarketingeko langileek greba egingo dute irailaren 20an
ELAk, UGTk, CGTk eta CCOOk deituta, Atento Bilbao enpresako langileek greba egingo dute irailaren 20an, etengabe gertatzen ari diren kaleratzeak salatzeko. Movistarren bezeroentzako arreta zerbitzua eskaintzen du enpresak eta iazko urtarriletik hona 51 lagun kaleratu ditu. Salatu dutenez, balantze ekonomikoa ona izan arren, kostuak murrizteko prozesua ari da garatzen Atento; lanpostuak murriztu eta beharginei gero eta lan karga gehiago ematen die.
Gainera, kaleratze masiboei legez ez aurre egiteko iruzurra egiten ari da, modu artifizialean kaleratzeak elkarren artean luzatzen baititu, eta langileen artean baldintza negargarriak ezartzen ditu.
Horregatik erabaki dute langileek protesta egitea: kaleratzeak eta lan baldintzen okertzea salatzeko. Gainera, gogoratu behar da sektore feminizatua dela telemarketingarena, eta prekarizazioa aspaldidanik dago errotuta.
Atentoko langileek mobilizazioei eutsiko diete, enpresak jokamoldez aldatu eta langileekin erantzunkizunez jokatu arte.