Azaroan greba egun gehiago deitu dituzte Bizkaiko merkataritza orokorrean, ehungintzan eta larrugintza zein oinetakoen sektorean

2022/10/20
ELAk eta LABek greba egun gehiago deitu dituzte Bizkaiko merkataritza orokorrean, ehungintzan eta larrugintza zein oinetakoen sektorean, azaroaren 4an eta 25ean. Oraingo honetan, sindikatuek merkataritza enpresa txiki eta ertainen jarrera salatuko dute -CECOBI eta Bizkaidendak patronalei lotuta daudenak- negoziazioaren blokeoaren egungo arduradunak baitira. Orain arte egindako zazpi greba egunetan sindikatuek batez ere kate handiak interpelatu dituzte; hala ere, orain enpresa txikiak ere seinalatu behar dituzte, horiek baitira une honetan langileen pobretzen ari direnak.

“Jakin badakigu merkataritza txikiak zailtasunak dituela, baina ez gaude prest bere irabazi marjina gure kontura handitzeko. Merkataritza txikiko langileek kate handien eskubide berberak izan behar dituzte, eta sektoreko hitzarmena da hori bermatzeko tresna”, azpimarratu dute. Langileak 2019tik ari dira negoziatzen, baina patronalak planteatzen dituen igoerak erosahalmenaren galera dakar; baita larunbat arratsaldeetan udan libratzeko eskubideari uko egitea edo onartzea bajak ez direla osatuko.

Merkataritza orokorrean, ehungintzan eta larrugintza zein oinetakoen sektoreko langileek hitzarmenak berritu gabe dituzte 2007, 2015 eta 2018tik, hurrenez hurren. Denbora horretan, soldatak izoztuta mantendu dira -Lanbide arteko Gutxieneko Soldatatik gertu-, baina bizitza etengabe garestitu da.

Ez da neurririk hartzen behin-behinekotasuna eta partzialtasuna geldiarazteko, eta ez dira eguneratzen sektorea eraldatzen ari den online salmentaren baldintzak. “Sektoreko gehienak zaintza kargak dituzten emakumeak gara, baina merkataritzako ordutegiek eta ustezko kontziliazio neurriek ez dituzte gure benetako beharrak betetzen”, kexu dira.