Azkuna Zentroko Mediatekan greba mugagabea hasi dute azpikontratatutako langileek

2018/05/31
Azkuna Zentroko Mediatekan (Bilbo) azpikontratatutako enpresen bitartez lan egiten duten langileek greba mugagabea hasi dute, orain dela sei urte baino gehiago bizi duten lan-prekarietatea salatu eta egoera iraultzeko asmoz. Soldatak 650 eta 1000 euro bitartekoak dira lanaldia osoan dauden eta urteko egun guztietan zerbitzua eskaintzen duten langileentzat.

ELAk salatu du lan-esplotazioko egoera horren jatorria lizitazio publiko bat dela. Izan ere, administrazioak zerbitzuak lizitatzean daraman prozeduraren ondorioz soldatak gainbehera bizian jaisten dira, benetako lan-esplotazioko atariraino iritsi arte.

ELAk gatazka kolektiboko demandak jarri ditu, Bizkaiko Esku-hartze Sozialaren Hitzarmena aplikatzeko eskatuz, baina judizioaren zain daude. Langileen iritziz hitzarmen hori dagokie beraiei.

Azkuna Zentroko Mediatekan lan egiten duten 20 langile ingururen prekarietate-egoera hori konpontzeko oinarriak berehala ezarri behar dira; batetik, langile horiei egonkortasuna emateko, eta, bestetik, hurrengo lizitaziorako baldintza-orria datozen egunetan prestatu behar delako. Baina, oraingoz, Azkuna Zentroko Zuzendaritzak ez du egoera konpontzeko borondaterik agertu.

Horregatik, Mediatekako enpresa azpikontratatuetako langileek greba mugagabea hasi dute, lanpostuen egonkortasunaren alde eta lan-baldintzak hobetzearen alde. Langileek eragozpenak barkatzeko eskatzen diete erabiltzaileei.