BIZKAIKO FORU ALDUNDIAREN GARBIKETA

Azpikontratatutako langileek beste hiru greba egun egin dituzte soldata parekatzea eskatzeko

2024/03/21
Bizkaiko Foru Aldundiko garbitzaileak, Optima enpresak azpikontratatuta, hilabeteak daramatzate hitzarmena negoziatzen. Langileek Aldundiko langile propioekin soldatak parekatzea aldarrikatzen dute. Aste honetako hiru greba egunekin – 19, 20 eta 21 – jada 6 greba egun egin dituzte martxoan. Enpresaren jarrera ikusita, ez da baztertzen mobilizazioak areagotzea eta apirilean greba-deialdi berriak egitea.

Azpikontratatutako langileek Aldundiko langileek baino % 36 gutxiago kobratzen dute, baina zeregin berak egiten dituzte eta lan-karga handiagoa hartzen dute beren gain. Langileek askotan eskatu diote Aldundiari bilera bat beren egoeraren berri emateko eta konponbidea bilatzeko. Hala ere, ez dute erantzunik jaso.

Bizkaiko Foru Aldundiaren jarrerak agerian uzten du kolektibo feminizatu horren prekarietateak ez dioa kezkarik eragiten. Aldundiak ordaintzen du zerbitzuaren kontratua, eta aukera ematen du langile horiek bigarren kategoriako langileak izan daitezen.

Horri gehitu behar zaio Optima enpresa ez zela joan azken negoziazio-bilerara, eta langileekiko mespretsu jarrera argia erakutsiz. Egoera horrek tentsioa areagotu du gatazkan, eta argi utzi du enpresak negoziazioa blokeatzen jarraitzeko asmoa duela.