Banco Sabadellen deitutako greba egunaren jarraipena ia erabatekoa izan da beste behin

2021/10/08
Urriaren 8a greba egun berria izan da Banco Sabadellen; jarraipena, beste behin, izugarri altua izan da, %80koa. Ez dago Enplegu Erregulazio Espediente bat ezartzeko arrazoirik; ez ekonomikoak, ez antolakuntzakoak, ez produktiboak. Hala defendatzen dute langileek eta horregatik egin dute greba, oso jarraipen zabalarekin. Bulegoen %80tik gora itxita egon dira. Langileek kontzentrazioak egin dituzte Donostian, Bilbon eta Iruñean.

Enpresak aurkeztutako enplegu erregulazioko espedienteak 1.730 langile kaleratu nahi ditu estatuan (1450 bulego-saretik, 35 lurralde-zuzendaritzetatik eta 245 zerbitzu zentraletatik), baina langile guztiei eragiten die. Euskal Herriko kasuan, 82 pertsonari eragin diezaioke. Kopurua handiagoa zen kontsulta-aldiaren hasieran, eta apurka kopuru hori murriztuko dela aurreikusten da. Baina hori guretzat ez da lorpen bat. Helburua EEEa bertan behera uztea baita, plantilla ez dadin murriztu, eta horrekin batera datozen neurriak ere gelditu behar dira, beste finantza-erakunde batzuen azken enplegu-erregulazioko espedienteetan gertatu den bezala. Gainera, langileak kezkatuta daude honako bi kontu hauekin: borondatezkotasuna bermatzeko mekanismorik ez dagoela, eta mugikortasun geografikoa aplikatu daitekeela. Enpresa urduri dago. Horren erakusgarri dira grebaren aurretik eman diren telefono deiak eta mezu elektronikoak, grebaren jarraipenari buruzko galderak eginez. Galdera horiek greba arrakastatsua izan ez zedin ahaleginak dira. ELAk enpresari jakinarazi dio horrelako ekintzek ez dutela inolako babesik, eta ezinezkoa dela grebalariak ordezkatzea. Horrelako jarrerekin jarraitzen badu edo greban dauden langileak ordezten direla jakiten badugu, dagokion salaketa jarriko da dagozkion instantzietan.