Barceló Bilbao Nervión Hotelak gela-garbitzaileen aurkako demanda jarri du greba eskubidea galarazteko

2018/11/15
Barceló kateak bere jarrera errepresiboa areagotu du Bilbao Nervión hotelean gelak garbitzen dituzten langileen kolektiboaren aurka; epaitegietan demanda jarri du, epaileek greba legez kanpokoa dela ebatzi dezaten. Kateak helburu bakarra dauka: joan den azaroaren 2an langileek euren lan- eta bizi-baldintzak hobetzeko hasi zuten greba legez kanpokotzat deklaratzea epaitegiak.

Gogora dezagun zein den gela-garbitzaile lanetan ari diren langileen (50 lagun baino gehiago) egoera: gela bakoitzeko 2,5 euro jasotzen dituzte, eta kontratu gehienak lege iruzurrean eginda daude. Greba hasi aurreko egunetan 50 horietatik lauk baino ez zeukaten kontratu finkorik; haatik, Bilbao Nervión hotelak 350tik gora gela ditu. Gainera, langile gehienen kontratua lanaldi partzialekoa da, baina egunean egin beharreko orduak kontratuan aipatzen direnak baino gehiago dira, enpresak gehiegizko ratioak ezartzen dituelako. Kontuan izan behar da zerbitzu hau zuzenean hoteleko beharginek egiten zutenean eguneko ratioa 9 gelakoa zela, baina kanporatu zutenetik 18 gela eta gehiago garbitu behar dituela langile bakoitzak. Abusuzko egoera honek langileen osasunean kalte nabarmenak eragiten ditu. Gainera, greba hasi denetik hona 11 langile kaleratu ditu enpresak. 

Lan-baldintzen eta kontratuen aldetik egoera hobetzearren langileek grebari ekin zioten joan den azaroaren 2an. Barceló kateak ez du ezer egin gatazka bideratzeko; aitzitik, enpresa bat kontratatu zuen grebalariak ordezkatzeko, greba-eskubidea modu aktiboan urratuz. ELAk Lan Ikuskaritzan saaltu zuen. 

ELAk behin eta berriz salatu du Barceló taldeak bere instalazioetan lanean ari diren beharginak esplotatzen dituela, soldata eta lan-baldintza negargarrien truke; gainera, grebarako oinarrizko eskubidea ere zapuztu nahi du.

ELAk nabarmendu nahi du kasu honetan Barceló kateak kolektibo oso ahulen kontra jokatzen duela: batetik, oso sektore feminizatua dugu hau, lan egoera ezin kaskarragoan, eta bestetik, Europaz kanpoko migranteak ere badira euren artean. Ezin dugu onartu esplotazio egoeran mantentzearekin batera bizi-kalitate hobea galdegiteko geratzen zaien bide bakarra eragoztea.

NH eta Barceló hoteletako gela-garbitzaileei babesa adierazteko ELAk manifestazioa deitu du azaroaren 16rako. 11:00etan hasiko da Kale Nagusiko NH Villa de Bilbao hoteletik, eta Campo de Volantín kalean dagoen Barceló Bilbao Nervión hoteleraino joango da.