Basurtoko ospitaleko garbiketa zerbitzua egoera kritikoan

Gainkarga estruktural honek egoera jasanezina eragiten du dagoeneko garbikuntzako langileentzat, eta ospitaleko zuzendaritzak eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak uko egin diote langileen legezko ordezkariekin biltzeari, langileen kezkak entzun, jaso eta eztabaidatzeko, nahiz eta batzordeak askotan eskatu duen idatziz entzunaldia.
Osakidetzak bere azpikontratatutako langileei ematen dien tratua tamalgarria da. Ez dugu ahaztu behar garbiketa bezalako zerbitzu bat azpikontratatzea erabaki politikoa dela. Zerbitzu publiko baten eraginkortasunaren eta kalitatearen kaltetan, baliabideak aurrezteko hartzen den erabaki politikoa, herritar guztien osasunari eta osasungarritasunari eragiten diona. Erabaki horren onuradun bakarra unean-uneko enpresa esleipenduna da, milioi askoko irabaziak jasotzen baititu azpikontratatutako langileen prekarietateaz aprobetxatuz.
Ildo horretan, ELAk salatu nahi du Ospitaleko garbiketako azpikontratatutako langileei langile propioek jasaten dituztenak baino metraje eta karga askoz handiagoak esleitzen zaizkiela, eta horrek, logikoa denez, ondorio latzak dakartzala lan-osasunari, eraginkortasunari eta kalitateari dagokienez.
Oraingoan, gainera, Osasun Sailak erruz jardun du behin eta berriro. Bizi ditugun garai hauetan, logikoena eta arduratsuena garbiketa-zerbitzua indartzea eta hobetzea izango litzateke, baina Osakidetzak lan-prekarietatea eta zerbitzu publikoen eraginkortasunik eza betikotzeko autua hartu du, azpikontratazioaren bidez. COVID-19ren osasun krisiak garbiketa zerbitzuaren garrantzia izugarria dela nabarmendu du, eta garbitzaileak osasun publikoa bermatzeko ezinbestekoak direla erakutsi digu.
Bada, testuinguru gogor horretan, eta ondorengo hilabeteetan birusaren berragertzeak saihestezinak izango direla dirudienean, Basurtuko Ospitaleak garbiketa-zerbitzuaren esleipen berrirako pleguak argitaratu ditu ekainaren 25ean. Horietan, egoera aprobetxatu beharrean kontzientzia hartzeko eta erantzukizunez jokatzeko, Osakidetzak arazoa erruz larritu du eta garbiketako langileen lan-kargak handitzea erabaki du, orain arte beste zerbitzu batzuek beren gain hartzen zituzten lanak egitera behartuz, horretarako langile-gehikuntzarik aurreikusi gabe, noski.
ELAk Osakidetzari exijitzen dio berehala erretira ditzala argitaratutako oinarriak eta langileekin bildu dadila konponbide bat bilatzeko datozen hilabeteei begira.
ELAtik Zerbitzu publikoak defendatzea exijitzen dugu, eta langileen eta herritarren osasunarekin eta bizi-baldintzekin ez jokatzea. Arduraz jokatu ezean, argi dago garai zailak etorriko direla, eta ospitaleko garbiketa-zerbitzuak gabezia izugarriak izango dituela, horrek ekarri ditzakeen osasun publikoko arazoekin. Espero dugu Osakidetzak langile hauek gogoz irabazi duten errespetuarekin tratatzea, eta ez behartzea kolektiboa lan-gatazkadun testuinguru batera, are gutxiago bizi dugun osasun-larrialdi egoera honetan.