AVANZA GIPUZKOA (LEHEN PESA)
Batzordeak greba deitu du urtarrilaren 18, 19 eta 20rako

Gipuzkoako Avanza Movilidad SA (lehen Pesa) langileek, gehiengoz, enpresaren azken proposamena atzera botatzea erabaki dute, “eskasa” dela argudiatuta. Gauzak horrela, Enpresa Batzordeak (6 ELA, 6 UGT, 1 LAB eta 1 Aurrera) mobilizazioekin eta grebekin jarraitzea erabaki du. Plantillak 10 egun daramatza greban, eta urtarrilaren 18, 19 eta 20arekin 13 egun izango dira dagoeneko borrokan lan baldintzak hobetzeko asmoz.
Plantillaren aldarrikapen nagusiak hauek dira:
• KPIa gainditzen duten soldata igoerak.
• Urteko eta eguneroko lanaldi murrizketa,
• Txanda-kontratua nahitaezkoa izatea, ez bakarrik hitzarmen honen indarraldian, baita modu mugagabean ere.
• Behin-behineko lana erregularizatzea.
• Autobus flota hobetzea.
Zailtasun handienetakoa, Komiteak azaldu duenez, lanaldi murrizketa da: urteko eta eguneko lanaldia murriztu behar dela eskatzen du Batzordeak. Gainera, ezinbestekotzat jotzen du enpresak lan denbora guztia aitortzea eta zenbatzea, zeregin batzuk zenbaketatik kanpo utzi gabe. Bestalde, behin-behineko lana erregularizatzea eta autobus flota hobetzea adosteke dago.
Enpresaren azken proposamena atzera botata, mobilizazioak otsailean zehar luzatuko direla aurreikusten du Komiteak. Bien bitartean, bihartik aurrera hiru eguneko greba egingo dute eta, urtarrilaren 20an, astelehena, Donostiko autobus geltokian elkarretaratzea egingo dute goizeko 11:00etan.