BBVAko grebak jarraipen masiboa izan du

ELAk adierazi duenez, Euskal Herrian erantzuna oso zabala izan da: Gipuzkoa osoa itxi da, % 94,5eko jarraipenarekin gutxi gorabehera; % 90 ingurukoa izan da Araban; % 85koa Bizkaian; eta % 90ekoa Nafarroan. "BBVAk egin nahi dituen kaleratzeen aurrean lanpostu guztien defentsan izandako parte-hartzeak arrakasta handia izan du", azpimarratu du.
BBVAk ERE bat aurkeztu du, alegia, kaleratze kolektiboa, 3798 familiarentzat drama izango dena eta bankuko bezero guztiei ematen zaien zerbitzuaren kalitatea okertzea eragingo duena. Hori guztia, bankuak irabaziak lortzen jarraitzen duen bitartean (1.210 milioi euro 2021eko lehen hiruhilekoan) eta zuzendariek soldatak igotzen dituztenean.
"Hori da enpresa honen egungo sentsibilitatea, gure iragana, esperientziak eta osasuna utzi baititugu, eta, gainera, laster askok gure etorkizunaren zati bat uztea nahi dute", deitoratu dute.
ELAk jasotako babesa eskertu du, eta mobilizazioen eta grebaren garrantzia berretsi du, lanpostu guztiak defendatzeko bidea dela iritzita.