Bi greba-egun gehiago Bizkaiko DIA supermerkatuetan

2017ko abendutik hona bost greba-egun egin dituzte, baina enpresak jarraitzen du langileak beldurtu nahian: kaleratzeak, erabateko malgutasuna lanaldietan, gehiegizko lan-kargak, aintzat hartzen ez diren aparteko lanorduak, eta osasuna arriskuan jartzen duten lan tresna desegokiak.
Enpresako zuzendaritzak negoziatzeari uko egin dio, eta egoera konpondu beharrean, gure lan-baldintzak are gehiago okertu nahi ditu. Horixe bera gertatu da DIA&GO supermerkatuak irekitzean; eskandaluzko ordutegiak ezarri dituzte, beraz, langileei ezinezkoa zaie lana eta bizitza uztartzea.
Gainera, enpresak supermerkatu berri horietan ezarri nahi dituen ordutegiek talka egiten dute EAEko merkataritza-ordutegiekin. Baimendu eta ezarriko balira, auzoetako denda txikien itxiera ekarriko luke horrek.
Eskakizunak oso argiak dira: plantilla handitzea eta Bizkaiko 35 DIA supermerkatuetan diharduten 300 emakumeentzat lan- eta osasun-baldintza hobeak.