Bihar, ekainaren 25ean, greba eguna izango da EAEko merkataritzaren eta saltoki handien sektoreetan, enpleguaren suntsiketa eta prekarizazioaren aurka

2021/06/24
Merkataritzako langileek bizi duten egoera larriari erantzunez, ELA eta LAB-ek greba eguna deitu dute sektore guztian bihar, ekainaren 25ean, EAE mailan. Alarma gorria piztu da merkataritzan azken hilabeteetan, sektorean erreferente diren hainbat enpresek (Inditex, H&M, El Corte Ingles edo Douglas, besteak beste) egikaritutako kaleratze eta prekarizatze prozesuen ondorioz.

Paradoxa badirudi ere, enplegu suntsiketa eta prekarizatze prozesu hau azken urteetan ikaragarrizko irabaziak izan dituzten enpresen eskutik ari da etortzen (nahiz eta irabazi horiek, noski, orain langabeziara kondenatu nahi dituzten langileen esfortzuari esker lortu izan dituzten).

ELA eta LABek argi daukagu, onartezina da izugarrizko irabaziak dituzten enpresek enplegua suntsitzea eta lan baldintzak prekarizatzea, are gehiago kontuan izanda merkataritza sektore prekarizatua dela lehendik ere. Tamales, enplegu suntsiketa prozesu hau hasi baino ez dela egin susmatzen dugu.

Patronalei aldarrikatzen diegu gaur egun blokeo egoeran dauden hitzarmen kolektibo sektorialen negoziaketak berraktibatu ditzatela, eta hitzarmen horietan jaso daitezela sektore hau digitalizazio-aro berri honetara moldatzea ahalbidetuko duten edukiak. Hala nola, ELA eta LAB-ek aldarrikapen argi bat dakarkigu: urteko lanaldi maximoa nabarmen murriztu beharra dago sektoreko hitzarmenetan, eta on-line salmenten ondorioz agertu diren kategoria berriak aurreikusi. Enplegua nahi dugu, baina kalitatezkoa eta bermeduna.

Aldarrikapenak Instituzio publikoei zuzendutakoak ere badira, egoera honi amaiera jarri behar baitzaio premiaz. Alderdi politikoei exigitzen diegu pasa den hamarkadan izan diren lan-erreformak bertan behera uzteko konpromisoa har dezatela eta publikoki exigitu dezatela behin betiko debekatzea irabazi handiak dituzten enpresek kaleratze kolektiboak egikaritu ahal izatea.

Onartezina da on-line salmentak aitzaki gisa erabiliz enpresa hauek digitalizazio prozesuak martxan jartzea, gutxi batzuk aberats egitera eta Herri honetako langile klasea pobretzera bideratuta daudenak.