Bilboko Metroan zerbitzua %20 murriztu dute

2022/02/16
Metro Bilbaoko ELAren atal sindikalak salatu duenez, otsailaren 7tik hona %20 gutxitu dira eguneroko trenak. Murrizketa honen ondorioz maiztasuna txikiagoa da, eta honek herritarrei kalte egiten die.

Zuzendaritzak dio erabakia aldi baterako izango dela, eta erabiltzaileen jaitsieraren ondorioz hartu duela. Haatik, atal sindikalaren iritziz hau gertatu da Metroko lantaldea urriegia delako eta langileriari dagoenez plangintzarik ez delako egin.

Metro Bilbaoko ELAren atal sindikalak galdatu dio Zuzendarizari berehala berrezar dezala murriztutako zerbitzua, kontrata ditzala beharginak, baita langileriaren plangintza eta prestakuntza hobetu ere.

Hala ez bada sindikatuak Aldundiko Garraio arloari eta Bizkaiko Garraio Partzuergoari eskatu die Metro Bilbaoko zuzendaritza behar dezatela hartutako erabakia bertan behera uztera eta murriztutako zerbitzu publikoa berrezartzera, areago pandemia egoera hau dela eta. Zerbitzu publikoa eremu, eskualde eta auzo guztietara maiztasunik handienarekin iritsi behar da.

Egoera hau aldatu ezean ELAk beste sindikatu eta gizarte-eragileekin mobilizazioa bultzatuko du, zerbitzua berrezartzeko helburua lortu arte.