Bilboko NH eta Barceló-Nervión hotelak langileen grebarako eskubidea urratzen ari dira

2018/11/09
Azaroaren 2an hoteletako gelak garbitzen dituzten langileek greba mugababea hasi zutenetik, bi hoteletako zuzendaritzek beharginen grebarako eskubideari muzin eginez, kanpoko enpresa baten zerbitzua kontratatu zuten greba egiten ari ziren langileak ordezkatzeko. Grebalariek bizi duten prekarietatea oso larria da: 2,5 euro baino ez dute kobratzen garbitzen duten logela bakoitzeko eta 800 euroko soldata jasotzen dute hilero (kasurik onenetan), aparteko ordainsariak barne.

Dakizuenez, NH eta Barceló hoteletako logelak garbitzeaz arduratzen diren langileek greba mugagabe bat hasi zuten pasa den hilaren 2an, jasaten duten esplotazio eta prekarietate egoera salatzeko asmoz:

  • Hilero 800 euroko soldatak diztuzte, aparteko ordainsariak barne: garbitzen duten gela bakoitzeko 2,5 euro jasotzen dute. Halere, kasu batzutan 1,26 euro ere ordaindu izan zaie gela bakoitzeko.

  • Lege-iruzurrezko kontratazioa: Constant enpresak langileak zentroz aldatzen ditu lan-harremana finkatu ez dadin. Adibidez, Barcelo hotelak 350 gela garbitzeko lau langile zituen kontratu finkoarekin. Greba bezperan Constant enpresak aldi baterako kontratu batzuk mugagabe bihurtu zituen, baina oraindik ere egoera irregularrean daude beste asko.

  • Lan kargak izugarriak dira eta arduradunen bitartez izugarrizko jazarpenak jasotzen dituzte erritmoak handitzeko eta gela gehiago garbitzeko. Jokabide honek muturreko antsietate eta estres kasuak eragin ditu, eta langileen osasunean kalte handia eragin du. Aparteko pagak barne, 800 euro irabazteko, beti ere lanaldi osoa dutenek, 18 eta 25 gela bitartean garbitu behar dituzte egunero. Eta esan dugu gela bakoitza 2,5 eurotan ordaintzen zaiela.

Ez da kasualitatea egoera hau sufritzen duten langile gehienak emakumeak izatea, eta Europa kanpoko migranteak izatea. Lan esklabotza eta arrazakeriaren arteko lotura zuzena islatzen du gatazka honek.

Constant bezalako enpresen praxia salatu nahi dugu: estatu mailan esplotazio eta lan-esklabotzaren eredu dira. Enpresa-hitzarmenean ordainsaria, lanbidearteko gutxieneko soldataren parekoa da, eta urteko lanaldia, 1.800 ordukoa.

Halaber, Barceló eta NHren etika eza salatu nahi dugu: langileen esplotazioa sustatzen dute euren instalazioetan. Gainera, enpresa hauek ez dituzte lan eskubideak errespetatzen: Greba hasi zen egunetik greba eskubidea urratu dute eta kanpoko beste enpresa bat sartu dute langileak ordezkatzeko. Egoera hau Ikuskaritzan salatu dugu baina oraindik ez dugu erantzunik jaso. Egoera honek langileak erabateko defentsarik gabe uzten ditu eta honen aurrean Lan zuzendaritzak eta Ikuskaritzak ez dute neurririk hartu. Lan Zuzendaritzak ezer egiten ez duenez, ELAk auzitegietara jotzeko asmoa dauka.

Egoera guzti hau salatzeko, ELAK manifestazio bat antolatu du datorren azaroaren 16rako; goizeko 11etan NH hotelean hasi eta Barcelo hotelean amaituko dena. Gonbidapena zabaltzen dizuegu manifestazio honetan parte har dezazuen.