Bizkaiko ehun garbitzailek baino gehiagok mosaiko erraldoia egin dute Guggenheimen soldata arrakala salatzeko

2021/09/30
Bilboko Guggenheim Museoko garbitzaileek 111 egun daramatzate greban lan hitzarmen duin baten alde, baina ez dira Bizkaian greban dauden garbitzaile bakarrak, ezta gutxiago ere. Bizkaia osoan zehar arrakalaren aurkako gatazka edo negoziazio gogorretan dabiltzan hainbat garbikuntzako kolektibo badaude gaur gaurko: Gorlizko Udaleko garbitzaileak, Bermeoko Udalekoak, Ermuko Udaleko garbitzaileak, Deustuko Unibertsitateko garbitzaileak, Güeñesko Udaleko garbitzaileak... Euren egoera salatzeko ELAk elkartasun ekitaldi berezia egin du Bilboko Guggenheim museoaren alboko armiarmaren eskulturaren alboan.

Gatazka guztien arteko langile-elkartasuna adierazteko, guztien artean mosaiko bat osatu dute ikur feminista irudikatzeko. Izan ere, garbitzaile eta feminizatutako sektorea izateagatik ari dira soldata arrakala sufritzen. Errealitate hori aldatzeko gero eta langile gehiago daude protestan; medioatikoenetakoa dugu Bilboko Guggenheimekoa, baina beste asko daude fokutik kanpo. Hitzarmen sektorialean orain arte sinatu izan dituzten baldintzak onartezinak baitira, eta gero eta kolektibo gehiago dira lan baldintza justuak exijitzeko ahaldundu direnak.

Datuek garbi erakusten dute arrakala: garbitzaileen arteko bi azpisektore alderatuz gero, bata, gizonezko gehien biltzen dituen kale garbitzaileena, eta, bestea, erabat feminizatutako eraikinetako garbitzaileena, garbi ikusten da urteko soldatan 8.000 bat euroko aldea dagoela –erreferentzia bakartzat hartuz gero oinarrizko soldatak, hots, plusak alde batera utzita–. Eta kontuan izan behar da Bizkaian garbitzaile baten oinarrizko urteko soldata 16.000 bat eurokoa dela, lanaldi osoa izateko 'zortea' badu. Hortaz, Bizkaiko garbitasunean arrakala %50ekoa da, gutxi gorabehera.

ELAk garbi dauka: hitzarmen sektoriala sinatzen duten patronal eta sindikatuek arrakalarekin amaitzeko beharrezko pausuak ematen ez badituzte, lantokiz lantoki joango gara, langileak antolatu eta borroka hedatuz. Bada garaia garbikuntzako patronalek eta garbikuntza azpikotratatzen duten administrazio publikoek benetako berdintasunaren aldeko pausuak emateko; Martxoaren 8ko argazki instituzionaletik harago doazen neurriak martxan jartzeko. Bien bitartean, Bizkaiko garbitzaileak aurrez aurre izango dituzte, soldata arrakalari amaiera emateko.