Bizkaiko ehungintzaren, jantzien eta larrugintzaren eta oinetakoen merkataritzako langileek bizi duten prekaritatea salatu dute azoka solidario batean

Bizkaiko ehungintzaren, jantzien eta larrugintzaren eta oinetakoen merkataritzaren sektoreko langileek azoka txiki bat antzeztu dute CECOBI patronalaren egoitzaren aurrean, Bilbon. Bertan, beren arropa jarri dute salgai, dituzten soldatekin hilaren amaierara iristen ez direla salatzeko. Halaber, patronalaren egoitza faktura guztiekin papereratu dute: argiarena, gasarena, telefonoarena, ikastetxeena... Langileak borrokan ari dira hobekuntzak jasoko dituen hitzarmenak sinatzeko. Izan ere, larruko eta oinetakoetako langileek 2007ko soldatak dituzte, hau da, hilean 1.012 euro gordin kobratzen dituzte lanaldi osoan; merkataritza orokorrekoek 2018ko soldatak dituzte, alegia, 1.059 euro gordin; eta ehungintzakoek 2015ekoak, hau da, 1.202 euro gordin hilean. Gainera, kasu askotan soldatak erdira murrizten dira, gehienek lanaldi partzialeko kontratuak dituztelako. Patronalak uko egiten dio KPIa bermatzen duten soldata eskaintzak egiteari, eta ez ditu aintzat hartzen langileen aldarrikapenak.
Merkataritza hitzarmenek urte asko daramatzate sinatu gabe: larruaren eta oinetakoen merkataritzan, 17 urte; ehun merkataritzan, 7 urte; eta merkataritza orokorrean, 4. Bitartean, Eusko Jaurlaritzak argitaratutako datuen arabera, saskia %30 garestitu da; oinetakoak %15,30; arropa %21; eta argia edo gasa %20 baino gehiago. Bien bitartean, merkataritzako patronalak negoziazioa blokeatzen eta sektoreko langileak gero eta gehiago pobretzen jarraitzen du, haien autonomia ekonomikoa eragotziz.