Bizkaiko kirol-lokal eta zelaien sektoreak greban jarraitzen du

2020/02/04
Gatazkak jarraitzen du Bizkaiko kirol-lokal eta zelaien sektorean. LAB, UGT eta CCOO sindikatuek joan den astean adostasun ofiziala adierazi zuten CEBEKek egindako azken eskaintzarekiko, eta bertan behera utzi zituzten otsailaren 4, 5 eta 6rako sindikatu guztiek aurreabisatu genituen greba egunak.

ELAk greba deialdiari eutsi zion, ordea, eta, ondorioz, gatazkak kaleetan darrai. Eta hala egin zuen, patronalaren eskaintzak gabezia oso larriak dituelako. Hasteko, negoziazio mahaian orain arte lortutako edukietan oraindik hobetzeko tartea dagoelako: 1.200 euroko gutxieneko soldata ez delako bermatu, lanaldi partzialeko kontratuak hobetzeko neurririk ez delako eskaini, kontratak erreskatatzen diren kasuetan enpleguari eusteko bermerik ez dagoelako, edo patronalaren eskaintzak ez duelako jasotzen ELAk diseinatutako inaplikazio klausula. Azken klausula hori gabe, enpresek bidea zabalik dute hitzarmen kolektiboaren edukiak ez aplikatzeko.

Susmagarria zen patronalak klausula hori hitzarmenean jasotzeari uko egitea. Klausula horren helburu bakarra da alderdiek hitzartutakoa beteko dutela bermatzea. Non dago arazoa?

Arazoa da sektoreko enpresa batzuek kontratu publikoak indarrean dituztela, eta horietan dagoeneko finkatuta dagoela esleipen-prezioa. Halakotan, enpresek ez dute aukerarik lan hobekuntzak administrazio publikoari jasanarazteko. Azken egunotan argi geratu da patronalak zein motibazio duen inaplikazio klausulari uko egiteko: sektoreko enpresa jakin batzuek ez dute hitzartutakoaren kostua asumitu nahi, eta ez dute hobekuntzetako batzuk aplikatzeko asmorik. Horretarako, inaplikazio sistema erabili nahi dute, eta horregatik da arazo bat ELAk proposatutako klausula.

Ondorioa agerikoa da: Cebekek eskaintza egin du, jakinda sektoreko enpresek ez dutela akordioa errespetatzeko asmorik. Patronalak duela aste batzuk egindako “eskaintzak”, beraz, helburu bakarra zuen: sektoreko mobilizazioekin amaitzea, eskaintza hutsal baten bitartez. Horregatik, sektoreko langile guztiei dei egiten diegu datozen egunetako mobilizazioekin bat egitera, hitzarmen duin baten defentsan. ELAk ziurtatzen die ez dela sinatuko hitzarmenik aplikazioa bermatuta ez badago eta hitzarmen hau enpresengandiko erasoetatik babesteko borrokatzen jarraituko dugula.