EROSKIREN BILTEGIA (ELORRIO)
Bost eguneko greba prekarietateari aurre egiteko

Eroskik Elorrion duen biltegian (CECOSA HIPERMERCADOS SL enpresak kudeatzen du) 130 pertsona inguru daude lanean. Gehienak gizon arrazializatuak dira, eta urteak daramatzate soldata minimoak jasotzen, txandaka eta jaiegunetan lan egiten, zama handiak hartzen eta atseden egunetan lan egitera behartutak izaten. Egoera horren aurrean, aurtengo maiatzean plantillak antolatzea erabaki zuen eta, lehen aldiz, hauteskunde sindikalak egin ziren enpresan (6 ELAk eta 3 LABek). Langileen baldintza latzak aztertzeko enpresarekin hainbat bilera egin ondoren, eta hobekuntzarik lortu ez direnez, komiteak 5 greba egun deitzea erabaki du (abenduaren 11tik 16ra), gaur egun biltegian lan egiten duten baldintzak duintzeko helburuarekin.
ELAk argi du prekarietate horren guztiaren atzean estatalizazioa dagoela. Izane ere, Biltegi Handien hitzarmena aplikatzen da, CCOOk eta UGTk 2023an sinatutako Estatuko hitzarmena, eta jasotzen dituen lan baldintzak EAEko baldintzetatik oso urrun daude. Helburuak argiak dira: Bizkaiko Elikaduraren hitzarmena aplikatzea, laneko osasun eta prebentzioan neurri eraginkorrak ezartzea, ordaindutako atsedenaldiak eta aldaketa arbitrarioekin eta alde bakarreko malgutasunarekin amaituko duen urteko egutegia antolatzea.