DIAko eguneko ogia: esplotazioa eta kaleratzeak!

2018/01/03
Gipuzkoako DIAko langileak ere borrokan ari dira. Egunero sufritzen duten esplotazioa salatu zuten abenduaren 22an kontzentrazio batekin, eta salaketekin jarraitzeko asmoa dute.

Gipuzkoako DIAko dendetan bizitzen ari diren egoera jasanezina da. Enpresa Batzordeak denbora luzea darama egunerokoan bizi dituzten arazo estrukturalak konpontzeko ahaleginetan, baina ez dago egoera aldatzeko borondaterik enpresaren aldetik.

Egoera aldatu eta aurrera egiteko asmoz bilerak egin dituzte, konpromisoak hartu eta zerbitzuaren nahiz langileen lan baldintzak hobetzeko helburuarekin. Bi hilabete igaro dira dagoeneko Gipuzkoako DIAko arduradunarekin bilera bat eskatu zutela, eta oraindik ez dute erantzunik jaso.

Enpresak argi azaldu die gai batzuk enpresaren politika direla. Eta hala salatu nahi dute: DIAn enpresa politika da jendea bajan dela kaleratzea. Enpresa politika da dendetan behar dena baina langile gutxiago izatea, bajak ez ordezkatzea, ezta kopuru minimo bat ezartzea ere. Zer esanik ez langileen segurtasunaz, euren buruak arriskuan jartzen baitituzte ez dagozkien funtzioak betetzera behartuz. Argi dago: langileen segurtasuna eta osasuna ez dira euren irabaziak bezain garrantzitsuak.

Gipuzkoako Enpresa Batzordearen ustez, beharrezkoa da egoera hau publikoki salatzea. Izan ere, langileak dira, ez esklabuak.