Domino’s Pizza, lan-etenaldiak prekarietatearen aurka #Landeia

2019/07/03
Domino's Pizzako langileak borrokan daude. Xedea da enpresak zuzenbidean ezarritakoaren arabera jardutea eta plantilla osoari aplikagarria zaion hitzarmen kolektiboari dagokionez irabazitako epaiak aplikatzea. Hona hemen gaiaren inguruan Landeiak jasotzen duen erreportajea.

Domino’s Pizzak Bizkaian dituen zentroetako plantilla (100 bat pertsona) 10 egunez egon da greban ekainean, gogaituta daudelako bizi duten lan-prekarietate latzaz. Zehazki, kolektiboak greba egin zuen ekainaren 1an, 2an, 8an, 9an, 14an, 15ean, 16an, 21ean, 22an eta 23an.

Greba eragin zuten arrazoiei  –lan-prekarietatea bere zentzu zabalean– etenaldietan parte hartzeagatik Basauriko bi langileren kaleratzeak gehitu behar zaizkie. ELA-Zerbitzuak ataleko arduradun Isa Garcíaren iritziz, kaleratze horiekin enpresak oinarrizko eskubide bat urratu du, eta aurreratu du ELAk zuzendaritza salatu eta eskubideen zaintza-prozesu bat abiaraziko duela. Isa Garcíaren aburuz, jarduketa horren bitartez, Domino’s enpresako zuzendaritzak beldurtu egin nahi ditu sindikatu-esperientziarik gabeko langile gazteak.

“Enpresa nolanahiko amarru eta estrategiak erabiltzen ari da greba bertan behera uztea sustatzeko, baita legez kanpokoak ere; izugarrizko presioa ezartzen ari da langileen gainean, eta horrexegatik babestu behar ditugu, beldurraren diskurtsoa barneratu eta borrokatzeari utz ez diezaioten. Salaketa bat jarri dugu Laneko Ikuskatzailetzan greban dauden langileak ordezteagatik. Are gehiago, langileak premia handiz kontratatu eta berehala lanean hasteko iragarkiak ere jarri dituzte, eta hori greba desaktibatzeko saiakera argia da”.

Isa Garcíak azpimarratu du zailtasunak gorabehera, langileak gogotsu daudela eta denak batera ausaz aukeratutako establezimenduetan biltzea oso lagungarria izaten ari dela langileek elkar ezagutu dezaten eta ahaldundu daitezen.

“Zentro ezberdinetan lan egiten dutenez, langileek ez zuten elkar ezagutzen. Erabateko sakabanatzea zegoen. Orain, aldiz, elkartu egin dira, talde trinkoa osatu dute, Whatsapp talde bat sortu dute, ahaldundu egin dira... Langileak direla, eskubideak dituztela eta eskubide horien alde borrokatu behar dutela ohartu dira, nahiz eta enpresako buruek askotan nerabeak balira bezala tratatu, esanez, besteak beste, ondo portatzen baldin badira saritu egingo dituztela eta bestela zigortu…”.

Xedea: aplikatzekoa den hitzarmenari dagozkion irabazitako epaiak aplikatzea

Gauzak horrela, argi zegoen Domino’s Pizzaren egoerak eztanda egingo zuela, denbora kontua zen. Orain, kaleratutako langileak berriz ere hartzea eskatzeaz gain, grebalariek beren lan-baldintzak nabarmen hobetzea ere aldarrikatzen dute, besteak beste, neurrigabeko soldata-akordioen aplikazioa pairatzen ari direlako, ez dutelako lan-egutegirik (eta beraz, ezin dute beren denbora librea antolatu), lanaldi partzialeko kontratu eta ordu osagarrietan gehiegikeriak sufritzen ari direlako, laneko segurtasun-neurriak falta zaizkielako…

Ezin dugu ahaztu sektore honetako soldatak apenas iristen direla lanbide arteko gutxieneko soldatara (LGS) –900 euro–  eta kontratu gehienak partzialak direla eta langileak ez direla ia inoiz iristen lanaldi osoa izatera.

Isa Garcíak azaldu du azken xedea langile horiei Bizkaiko ostalaritza hitzarmena aplikatzea dela. “Hainbat salaketa indibidual egin ditugu hitzarmen aplikagarria Bizkaiko ostalaritza hitzarmena izan dadin. Are gehiago, gure eskaeraren aldeko epai bat lortu genuen”.

Alabaina, zerbait mugitzen hasi da, eta zentzu horretan, Isa Garcíak espero du Domino’s enpresako langileen borroka janari lasterreko beste kate batzuentzako adibide izatea, besteak beste, Telepizzarentzat. “Telepizzan estatu-mailako hitzarmen bat aplikatzen dute. Ez dute ezta lanbide arteko gutxieneko soldata aplikatzen azkenekoz igo zenetik: beldur gara ez ote dituzten plusak xurgatuko... Sindikatua harremanetan jarri da dagoeneko Telepizzako langileekin, eta helarazi diegu borrokak fruituak ematen dituela.  Domino’s kasuaren kutsapen-efektua izatea espero dugu”.