Donostiako eraikin garbitzaileek greba bertan behera uztea erabaki dute batzarraren ondoren

2018/11/06
FCCko langileak Donostiako Udalaren eraikinak eta lokalak garbitzen aritzen dira egunero, baina azaroaren 5etik greba mugagabeari ekin zioten eta grebarekin amaitzea erabaki dute, grebatik erori direlako lehengo USO, aurreakordio baten sinadurarekin, eta gero CCOO aurreakordiorekin bat egin ez arren. Langileek datorren astean asanblada egingo dute mobilizazio egutegi berria adosteko.

 

Donostiako Udalak orain dela zenbait urte garbikuntza-zerbitzua azpikontratatzea erabaki zuen, bai udal-eraikinak garbitzekoa, bai kaleak garbitzekoa. Gaur egun zerbitzu biak enpresa pribatu berak kudeatzen ditu: FCC. Eraikinak garbitzeko zerbitzua emakumez osaturiko sektorea da, langile guztien %95 emakumeak dira; kale-garbitzaileak, ordea, %80an gizonezkoak dira. Horrela dago banaturik sektorea; sistemak eta enpresek nahita horrela banatu dituztelako. Eta horrek badu bere arrazoia, gizonezkoei hobeki ordaintzen zaie lana, harremanetan botere handiagoa izan dezaten.

Generoaren soldata-arrakala gizonezkoen eta emakumezkoen soldaten arteko aldea da, eta gizonen soldaten portzentaje baten bidez adierazten da, ELGAren (Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundea) arabera. Arrazoi bat baino gehiago dira arrakala hori izateko: soldata-diskriminazioa (legeak zigortua), ordaindu gabeko lanaren banaketa desorekatua, lanaren sexu-banaketa, lanaldi partzialeko enplegua eta abar. Eta hori nabarmendu dugu zeren politikari eta enpresari batzuek soldata-arrakala soldata-diskriminazioarekin nahasten baitute, baina ez da beharrezkoa diskriminazioa egotea soldata-arrakala badela ziurtatu ahal izateko. Soldata-diskriminazioa legez kontrakoa da, soldata-arrakala zoritxarrez ez.

Kale-garbikuntza eta eraikin-garbikuntza alderatzean argi eta garbi ikusten da soldata-arrakalaren kasu baten aurrean gaudela. Eta horretan %7koa da, beste lankide garbitzaile batzuen aldean askoz txikiagoa (%23raino). Donostiako Udaleko garbikuntza-langileek, antolakuntza eta mobilizazio sindikalari esker, eta 32 greba-egun egin ostean, beren soldatak administraziokoekin parekatzea lortu zuten. Hala ere, soldata-arrakala lan-merkatu osoan zabaldurik dago, administrazioa barne. Azken horretan ere lan feminizatuek balio gutxiago dute. Horregatik, arrakalak bere horretan darrai, eta gaur egun %7koa da.

Hitzarmena berritzeko negoziazioei urte hasieran ekin genien, eta edukiei dagokienez, bi ardatz daude funtsean: soldata-arrakala ezabatzea eta sarbide objektibo bat bermatzea, enpresan hutsik geratzen diren postuak betetzeko.

Azken hitzarmenean behera egin genuen eroste-ahalmenaren aldetik. Orduan soldata-eskakizuna bigarren mailan utzi zen, behin betiko utzitako postu hutsetara sartzeko sistema objektibo bat bermatzearren. Baina ez da adostasunik lortu enpresarekin. Behin betiko postu huts horiek enpresak alde bakarretik betetzen ditu, eta ez ditu kontuan hartzen Batzordearen irizpideak. Puntu horrekiko, nabarmendu beharrekoa da kidego horrek lanaldi partzialak dituela, eta lantokiz lantoki dabilela. Hori dela-eta, behin betiko postu hutsak betetzeko sistema batek bidea erraztuko lieke enpresako langileei, eta lan-baldintzak neurri handi batez hobetuko lirateke.

Soldatei dagokienez, eskakizuna objektiboa da, eta justizia sozialekoa: Donostiako Udalak kontrataturiko garbiketa-zerbitzuan dagoen soldata-arrakalarekin bukatzea. Alde horretatik azpimarratu behar dugu FCC enpresak bi zerbitzu egiten dizkiola Donostiako Udalari: kaleak garbitzekoa, bata, eta eraikin eta lokalak garbitzekoa, bestea. Bada, kale-garbitzaileei dagozkien plusak kenduta ere, eraikin-garbitzaileek 1.200 € gutxiago jasotzen dute urtean. Gu ziur gaude horren arrazoia emakumeak izatea dela, haiei dagokiela garbitzea, eta haiek dauden tokietan prekarietatea dago. Soldata-arrakala horren errudunak bi dira: enpresa bera, bere langileei soldata desberdinak ordaintzeagatik; eta udala, zerbitzu biak neurri desberdinekin balioesteagatik.

Enpresa-komitean ordezkaritza duten 3 sindikatuek (ELA 5, USO 3, CCOO 1) aldarrikapen berberak defendatu ditugu eta greba batera deitu dugu pasa den urriaren 31ra arte. Bezperako arratsaldean, enpresak urgentziazko bilera batera deitu zigun asteazken horretarako eta gure aldarrikapenei eman zien erantzuna onartezina izan zen ELAren eta CCOOen iritziz, baina USOk onartu egin zuen eta, gainera, ostiralean gutxiengoan aurreakordioa sinatu.

Aurreakordioan ez da erosahalmena bermatzen, aldi baterako ezintasunen osagarria murrizteko akordioa jasotzen du, enpresari aldebakarrez eta nahierara bakanteen %25 erabakitzeko ahalmena ematen dio eta soldata-arrakala aipatu ere ez du egiten.

Donostiako Udalak gure aldarrikapenak ezagutzen ditu, gobernu-taldearekin bilerak egin ditugu, eta oposizioko alderdiekin ere bai. Baina oposiziokoek bakarrik berenganatu dute gure eskakizuna. Are gehiago, PSE eta PNV-k ukatu egiten dute soldata-arrakala bera dagoenik.

Egoera honen aurrean, langileek ELAren egoitzan egindako asanbladan erabaki dute grebarekin amaitzea eta datorren astean asanblada egitea mobilizazio neurri berriak adosteko. Era berean ELAk dei egiten die enpresari eta udaleko arduradunei gehiengoarekin sinatuko den eta soldata-arrakalarekin bukatuko duen akordioaren alde egin dezaten. Gutxiengoan sinatzen diren akordioek, erabat antidemokratikoak izateaz gain, ez diete erantzunik ematen gehiengoen aldarrikapenei eta, hortaz, ez dute gatazka konpontzen.