Donostiako Udalak ez du betetzen sorosleekin sinatutako akordioa

2020/06/09
ELAk salatu nahi du, hondatzetako denboraldia hasteko astebete bakarrik falta denean, urteetan Donostiako hondartzetan lanean aritu diren sorosle askok ez dutela oraindik lanerako deialdirik jaso.

Astebete eskas falta da hondartzetako denboraldiari hasiera emateko, eta oraindik azken urteetan lanean aritu diren sorosle askok ez dute lanerako deia jaso, eta ez dakite jasoko duten ere. Zergatik? Hein handi batean, udalak ez duelako pliego bidez subrogazioa jaso, eta beraz, euren urteroko lana ez dago bermatuta.

Aurreko astearen bukaeran hasi ziren sorosleak lanerako deia jasotzen, baina dei hau ez dute aurreko urtean lan egindako langile guztiek jaso. Gehiago esan dezakegu, antzinatasun handienak dituzten langileetako askok, ez dute aurtengo udaran hondartzan lan egiteko deialdia jaso.

Badira 6, 8, 10 urtez hondartzan lanean diharduten sorosleak, oraindik finkotasunik onarturik ez dutenak, honek dakarren segurtasun faltarekin. Ezin da ahaztu, antzinatasun gehien duten langileak izaten direla hondartzaren antolakuntzaren pisu handi bat euren gain hartzen dutenak.

Duela 2 urte Gipuzkoako hondartzetan lan egiten zuten langileen lan baldintzak hobetu eta erregulatuko zituen akordioa sinatu zen. Bertan, uda gatazkatsuari amaiera eman zion bileran, Donostiako udalak pliegoetan subrogazioa ezartzeko konpromisoa hartu zuen. Bi urteren ondoren, subrogazio hau ez da gauzatu, udalak bere partea bete ez duelako.

Gaur gaurkoz, ELAk argi du langile hauek subrogatuak izan behar dutela, orain dela bi urte lortutako hitzarmenaz gain, badagoelako estatu mailan kolektibo honen subrogazioa erreguklatzen duen hitzarnen estatal bat.

Hau horrela, ELAk eta kolektiboak argi dute ezin dela egoera hau onartu eta  guztiek lanerako deialdia jaso ezean, mobilizazioei eta bide juridikoari ekingo dietela.