Gizatzen
Donostiako Udalak azpikontratatutako garbitzaileek greba deitu dute maiatzaren 13tik 19ra

Gizatzenen 180 pertsona inguruk egiten dute lan, %90 baino gehiago emakumeak dira, eta heren batek lan kontratu partzialak ditu. Donostiako udal instalazioetan lan egiten dute, hala nola eskola publikoetan, kultur etxeetan, haurtxokoetan, antzokietan, etab.
Negoziazio mahaia irekitzearekin batera, ELAk, CCOOk eta ESK-k bi aldarrikapen nagusi plazaratu zituzten. Alde batetik, enpresako akordioa langile guztiei aplikatzea. Bestalde, KPIaren araberako igoerak 2022tik; une horretatik aurrera, enpresako hitzarmenaren eraginpeko langileek ez dute soldata igoerarik izan. Horrela, langile guztiek lan baldintza berdinak izatea eta erosahalmena ez galtzea eskatu zioten enpresari.
Negoziazio mahaiaren bilera batzuen ondoren, enpresak ez du bi aldarrikapen horietara hurbiltzeko proposamenik egin. Are gehiago, enpresak egindako azken proposamena 2028ra artekoa da. Proposamen horretan ez zuen erosahalmena bermatzeko proposamenik egin, eta larrienak ez zuen eskala bikoitzarekin amaitzeko formularik planteatu.
Bestalde, Donostiako Udalak prozesu honetan duen erantzukizuna azpimarratu dute sindikatuek. Izan ere, plegu berria atera zuenean, ia 300 ordu murriztu zizkien astean, hornidura ekonomikoa murriztuz eta enpresari probintziako hitzarmena aplikatzen hastea ahalbidetuz. "Larria iruditzen zaigu enpresa berean lan bera egiten duten bi pertsonek soldata desberdinak jasotzea, baina are gehiago diru publikoarekin finantzatzen denean eta administrazio publiko batek gainbegiratuta, kasu honetan Donostiako Udalaren babesean", diote.