Lehen aldiz EAEn, eraikin eta lokaletako garbikuntzako azpisektore guztiek bat egin dute grebarekin

Grebak harrera ona izan duen arren, langile askori ukatu egin zaie grebarako eskubidea, Eusko Jaurlaritzak gehiegizko zerbitzu minimoak ezarri baititu, zehazki, Osakidetzan, egoitzetan eta Hezkuntzan % 100ekoa. Grebarekin bat egin duten kolektiboen artean honako hauek daude: Ballonti Merkataritza Zentroa; Primark Portugalete; Petronor; Güenes, Muskiz, Santurtzi, Ermua, Bermeo, Durango, Gorliz, Eibar, Soraluze, Tolosa eta Lasarteko udalak; Maier; Industria Artetxe; Guggenheim Museoa; Bilboko Justizia Jauregia; Oñatiko kiroldegia; Polmetasa; Orkly; Okin; Once; Salto System; EITB; Kutxa; Polizia Nazionala eta hainbat polizia etxe.
Bestalde, gutxieneko zerbitzuen ondorioz grebarako eskubiderik ez zuten kolektiboek kontzentrazioak egin dituzte lantokien aurrean atsedenaldian. Hiru hiriburuetan ere manifestazioak egin dituzte.
"Bi sektoreen arteko soldata arrakala bukatzeaz ari garenean, justizia sozialaz ari gara", esan du ELAk. Gaineratu du emakumeek lan-munduan pairatzen duten diskriminazioa eta desberdintasuna soldatatik harago doala. "Lanaldi partzialak dira nagusi, garapen profesionalerako trabak nonahi daude, aldi baterako kontratuak etengabe luzatzen dira, lan-osasunaren ikuspegi androzentrikoa da nagusi...".
Era berean, sindikatuak deitoratu egin du kale garbiketa gehienbat azpikontratatutako sektorea izatea, eta gauza bera gertatzen da eraikin eta lokalen garbiketarekin; azken kasu horretan, gainera, azpikontratazioa publikoa zein pribatua da. Egoera horren aurrean, berriz ere esan du administrazioaren azpikontraten arteko aldea ezabatzea borondate politikoaren kontua dela. "Kontratazio publikorako politika behar dugu, emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasun eraginkorraren helburua erdigunean jarriko duena. Soldata-arrakala ezabatzea, posible izateaz gain, erantzukizun politikoa ere bada", gaineratu du.
Eremu pribatuari dagokionez, ELAk gogorarazi du berdintasun-printzipioa EAEko enpresa pribatuek formalki babesten duten printzipioa dela. Berdintasun materiala lortzea falta da, ordea, eta, horretarako, neurri zehatzak hartu behar dira negoziazio kolektiboaren bidez. Enpresek negoziazio kolektiboko mahaietan ere horretarako prest daudela adierazi beharko luketela ziurtatu du sindikatuak. Gogorarazi duenez, ELAk, lehen sindikatuak, duela urte batzuk planteatu zuen aldarrikapen hori mahaietan.