EAEko eskola jantokietako enpresa pribatuetako langileek greba egingo dute otsailaren 26a hitzarmenaren alde

2019/02/12
Hitzarmen duina lortzeko asmoarekin otsailaren 26an eskola jantokietako enpresa pribatuetako langileek greba egingo dute. Egun horretan hasiko dira mobilizazioak; hauen bidez jakinarazi nahi diete "lan baldintzen gainbeheraren arduradunei (enpresak) eta okerrera egin duen zerbitzu publikoaren ardura duen Jaurlaritzari, erabakita gaudela merezi dugun hitzarmena lortzeko, eta jasotzen dugun erantzunaren arabera mobilizazioak areagotu egin daitezkeela".

ELA, LAB, UGT eta CCOO sindikatuek plazaratutako agiria:

Azken bi urteetan negoziazio-mahaia hamabost bider bildu ondoren, eta EAE guztian batzar bateratuak egin ondoren, kudeaketa zuzeneko eskola-jantokietako mahaian ordezkaritza dugun sindikatuok gure hausnarketaren berri eman nahi diegu kolektiboari zein euskal jendarte guztiari.
Patronalek mahai gainean jarri duten proposamenak ez ditu aintzat hartu gure aldarri nagusiak, ez eta hitzarmen honen helburu izan dena ere: homologazioa lortzea Hezkuntza saileko sukaldeetako langileekiko.

Enpresen proposamenak honako puntuak jaso ditu:

Soldata igoera portzentualak, baina homologazioarekin loturarik gabeak. Igoera hauekin 2015eko homologazio maila berean geratuko ginateke. Ez dugu aurrera egiten; pobrezian kateatuta jarraitzen dugu.

Ez dizkiete atzerapenak ordaindu nahi kolektibo guztiari; areago, ausartzen dira esatera inork ez dituela kobratuko, honetarako baldintza gisa jarri nahi baitute plantilla egoera aktiboan egotea; haatik, jakina da sektore honetan udan langile guztiak langabezian egoten direla.

Beste puntu batzuk enpresen arabera hobekuntzak dira, baina benetan fede txarraren emaitza dira, lan-hitzarmenaren testua eta asmoa nahasten baitute. Areago, diru-goseak ez du mugarik: aurreko hitzarmenean lortutako akordioak ukatu eta orain eskaintza bezala aurkezten dizkigute. Hots, bageneukana saldu nahi digute berriz.

Homologazioarekin batera beste aldarri sindikal garrantzitsuak ukatzen dizkigute:

  • Ez dute aipatzen ratioak hobetu behar direla; alabaina, gero eta haur gehiagok dituzte dieta bereziak, eta horrek arreta eskaintzeko denbora gehiago eskatzen du.
    Gutxieneko lanaldirik ere ez dute finkatu nahi, eta kontratu batzuk egunean 50 minutukoak dira...
    Ez dute nahi langileek beren lankideak ordezkatzerik; enplegu egonkorra ez dute sustatu nahi, ez dutelako aldizkako finkorik aitortu nahi.
    Ez dute nahi langileen prestakuntza orduak gehitzerik, ez eta zerbitzua hobetzeko orduak ere.
    Eta gainera negozioa egin nahi dute lanaldi aldaketekin, horrek lanaldi trinkoen aplikazioa eta murrizketak baitakartza berarekin.
    Ez dute gure eginkizunez hitz egin nahi; hauek gero eta gehiago dira egunetik egunera, baina ez digute denbora gehiago ematen. Esaten dute gure eginkizuna dela “jantokiaren garapen egokirako beharrezko den edozein funtzio”; hau 2000 urtetik hona mantendu da, eta horren bidez Eusko Jaurlaritzak hezkuntzan egin izan dituen murrizketa guztiak jantokietako enpresa pribatuetako langileek osatu dituzte...
    Enpresen aldetik arduragabekeria muturrera eramaten dute, esanez gai hauek ez direla beren eskumenekoak, eta Eusko Jaurlaritzari dagozkiola. Beren langileak babesten ez badituzte zein da enpresa hauen rola? Lizitazioak kobratzea? Iruzur egitea?

BALDINTZA AGIRIAK

Gainera, laster argitaratuko dira baldintza agiri berriak. Ez dakigu zer nolakoak izango diren, baina badakigu hau:

• Eusko Jaurlaritza oso bide okerretik abiatu da. Guraso-elkarteen esku jantokien kudeaketa uzteko aukera aipatzea aldez eta moldez inolako fundamenturik gabe egin dute.
• Gure artean zalantza eta kezka erabatekoa da, ez baitakigu gure lanpostuekin benetan zer gertatuko den.

MOBILIZAZIOAK

Horregatik, asanbladak deitzea erabaki genuen, informazioa emateko, eztabaidatzeko eta babes gabezia honek merezi duen erantzuna erabakitzeko.
Asanblada hauetan aho batez erabaki dugu kolektibo honen mobilizaziorik gabe ez dugula ezer lortuko. Ez hitzarmen onik, ez eta Eusko Jaurlaritzak aintzat hartzerik ere.

Horregatik, datorren otsailaren 26an eskola jantokietako enpresa pribatuetako langileok greba egingo dugu. Egun horretan hasiko dira mobilizazioak; hauen bidez jakinarazi nahi diegu gure lan baldintzen gainbeheraren arduradunei (enpresak) eta okerrera egin duen zerbitzu publikoaren ardura duen Jaurlaritzari erabakita gaudela merezi dugun hitzarmena lortzeko, eta jasotzen dugun erantzunaren arabera mobilizazioak areagotu egin daitezkeela.