EAEko Euskaltegi pribatuen eta gainerako helduentzako euskara irakasteko zentru homologatuen lehen Lan Hitzarmenaren negoziaketan izango da ELA

Bestetik, ezinbestekoa da zerbitzu hori eskainiko duten euskaltegi eta lantokiak baliabide egoki eta nahikoz hornitzea zein langileen lan baldintza onak bermatzea eta sustatzea; horrela izango baita posible kalitatezkoa izatea. Eta hau ere gure erakunde guztien eta nagusiki Eusko Jaurlaritzaren ardurapekoa da. Halaber, hori ez da egun daukagun errealitatea: lan baldintza prekarioetan lan egiten duten langileez hornituriko askotariko euskaltegi pribatu eta helduentzako euskararen irakaskuntza burutzen duten zentruak ditugu.
Asko eta askotarikoak dira EAE mailan helduentzako euskararen irakaskuntza eskaintzen duten euskaltegi pribatu eta gainerako zentruak. Bertako langileei aplikatzen zaizkien lan baldintzak ere oso desberdinak dira, zentru desberdinek erreferentzia gisa eta aplikagarritzat Lan Hitzarmen oso desberdinak hartu baitituzte. Hori dela eta, sektore horretako langileek oso baldintza desberdin eta desorekatuak izan ditzakete.
Orain dela hilabete eskas jakin genuen izaera pribatua duten herri ekimeneko euskaltegi homologatuetako titularrek eta HABEk (Helduen alfabetatze eta berreuskalduntze erakundea) finantziazio sistema berri bat adostu dutela. Finantziazio sistema berri horrek herri ekimeneko Euskaltegi pribatu eta gainerako zentru homologatuetako langileen soldata handitu eta lanaldia murrizteko helburua du, antza.
Prozesu hori sindikatuokin partekatu izana gustatuko litzaiguke, eta hala izan ez den arren, aukera izan liteke langileen lan baldintzak hobetzeko bidean. Beraz, ELArentzat garrantzitsua da EAEko Euskaltegi pribatuen eta gainerako zentruen lan baldintzak bere osotasunean arautuko dituen Hitzarmen baten negoziaketari ekitea, eta sortutako egoera probestu beharko litzateke horretarako.
Hori dela eta, asteazkenean, maiatzaren 26an, izango den bileran egongo da ELA, negoziazio kolektibo bidez, sektorean beharrezkoa den lan baldintzen erregulazioa jasoko duen Lan hitzarmen baten negoziaketa bultzatzeko.