Douglas
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak atzera bota du Douglasen helegitea eta 10.000 euro ordaindu beharko dizkio ELAri greba eskubidea urratzeagatik

2022ko apirilean amaitu zen Douglas Spain SAU enpresan EREa kontsultatzeko epea, enpresako zuzendaritzaren eta CCOO eta UGT sindikatuen arteko akordioarekin. Horrek ehunka kaleratze eragin zituen Espainiako Estatuan, eta horietatik 120 baino gehiago Hego Euskal Herriko dendetan izan ziren. EREaren negoziazio prozesuan, ELAk greba mugagabea deitu zuen Bizkaiko dendetan. Estatuko sindikatuek EREa adostu arren, ELAk langileak mobilizatu zituen eta Douglaseko kaleratzeak saihesten saiatu.
Enpresa hasiera-hasieratik saiatu zen greba eskubidea urratzen, eta horregatik ELAk salaketa aurkeztu zuen 2022ko apirilean Douglasen aurka. 2023ko urtarrilean, Bilboko Lan Arloko 9. zenbakiko Epaitegiak onartu egin zuen ELAren salaketa, eta sindikatuari 10.000 euro ordaintzera kondenatu zuen enpresa, kalte moral gisa, grebarako oinarrizko eskubidea kaltetzeagatik.
Douglas Spain SAUk instantziako epaia errekurritu zuen, baina Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak, 2023ko ekainaren 27ko epaian, errekurtsoa ezetsi zuen, eta kalte ordaina berretsi.