bizkaiko EHUNGINTZA ETA OINETAKOAK

Hamarnaka denda itxi dituzte Estatuko hitzarmenaren aurkako greban

2025/06/19
Langileak kalera atera dira berriro Hego Euskal Herriko hitzarmen probintzialak aplikatu daitezen exijitzeko. Mobilizazioak egin dira Bilboko Kale Nagusian, Espainiako Estatuko hitzarmenaren aurka.

Bizkaiko ehungintzaren eta oinetakoen merkataritzaren sektoreko langileak kalera atera dira berriro, ARTEri eskatzeko ez dezala aplikatu Estatuko hitzarmena. Izan ere, bazirudien patronala negoziatzeko prest zegoela Hego Euskal Herrian hitzarmen probintzialak aplikatu daitezen, baina azken momentuan enpresek atzera egin dute. Urte eta erdi baino gehiagoko gatazkaren ondoren, patronalak hausnarketarako tartea eskatu du bat-batean.

Grebaren jarraipena oso zabala izan da, dozenaka dendek itxi behar izan dute eta beste askok itxi egin dute partzialki edo gutxieneko langileekin lan egin behar izan dute. Hori dela eta, ELAk uste du grebalariak ordezkatzen saiatu direla. ELAk salatu du sektoreko marka handietako langile askok greba ez egiteko presioak jasan dituztela.

Ehungintzaren sektoreko marka handiek (Inditex, H & M, Mango, Tendam Retail, Kiabi eta Primark, besteak beste) osatutako ARTE patronal berriak ehungintzaren eta oinetakoen merkataritzako marka handien Estatuko lehen hitzarmenaren negoziazioa sustatu zuen 2023ko uztailean. Harrezkero, hainbat negoziazio bilera egin dira, eta ELAk eskatu du ez aplikatzea Estatuko hitzarmena Hego Euskal Herrian. Gainera, orain arte greba egun ugari egin dira, eta Hego Euskal Herriko sektoreko denda asko itxi egin dira.

ARTE patronalaren estatuko hitzarmena Hego Euskal Herrian aplikatzen bada, sektoreko langileen lan baldintzak daude jokoan, baina baita probintzietako hitzarmenen negoziazioa bera ere.

Beraz, langileek mobilizazioekin aurrera jarraituko dute ARTE patronalak Estatuko hitzarmenetik kanpo uzten dituen arte.