IMQ ZORROZAURRE
ELA eta SAE sindikatuek 18 greba egun deitu dituzte

ELAk eta SAEk, langile batzordean gehiengoa izanik, errefusatu egin dute Zorrotzaurre klinikan IMQko zuzendaritzak eta SATSE sindikatuak sinatu duten akordioa. Horren arabera, lan hitzarmenetik kanpo ezarri dute 3.000 euroko ardura plus bat, baina soilik DUE kategoriarako. Hori dela eta, bi sindikatuek 18 greba egun deitu dituzte, bihar, hilak 12, hasiko direnak; jarraipena izango dute irailaren 13 eta 14an, urriaren 16, 17, 18 eta 19an, azaroaren 13, 14, 15, 16 eta 17an, eta abenduaren 11, 12, 13, 14, 15 eta 18an; greba in crescendo joango da, helburua lortu arte.
Zuzendaritzak eta langile batzordeak bi hilabetez negoziatu dute egonkortasun plan bat lan baldintzak hobetzeko (batez ere aldi baterako eta lanaldi partzialeko langileentzat), baina enpresak eta SATSEk lantaldearen %70 diskriminatzen duen akordioa erdietsi dute, aldi baterako beharginentzako hobekuntzak ahaztuta. Negoziazio aldian, ELAk eta SAEk galdegin dute osagarri guztiak lantalde guztiarentzat berma daitezela, baita lan baldintza duinak ere aldi baterako eta lanaldi partzialeko langileentzat; haatik, hau alde batera utzi dute SATSEk eta zuzendaritzak.
Akordioan hitzartu dute bost urtez klinikarako baino lan egin ez dutenentzako 3.000 euroko soldata osagarria ezartzea, baina soilik DUE kategoria dutenentzat. Gutxiengoan lotutako akordioko sinatzaileek berariaz ukatu dute lantalde guztiari aplikatzea; horrenbestez, eskakizunak betetzen dituzten beste guztiak baztertzen dituzte; horrela, lehen eta bigarren mailako langileak bereiziko lirateke. Hori arduragabekeria hutsa da, lerro gorri guztiak gainditzen ditu, langileen artean tentsioa areagotzen du eta enpresaren interesak besterik ez ditu asetzen.
Akordioak erosahalmenaren galera eragingo lieke beste kategoria profesionaletako langileei, %13,27 eta %15,99 bitartean, nahiz eta eskakizunak bete; gainera, kontzeptu horrengatik ordainsaria ez litzateke bost urteko epean gehituko. Sindikatu deitzaileek ez dute horrelakorik ontzat emango; ez dira konplize izango langile guztien eskubideak bermatuta izango ez diren negoziazio batean. Horregatik, ELAk eta SAEk auzibidera joko dute eta IMQ Zorrotzaurre klinikan langile guztiei dei egiten diete grebarekin bat egin dezaten.