ELA-k urriaren 10eko finalerdietan EPEL-ek hartutako erabakiaren aurkako demanda aurkeztu du

2020/10/13
Iragan astean ohartazi genuen bezala, epaitegietara jo dugu, bai ELA-k eta bai langile kaltetuek ere. Izan ere, garbi daukagu greba eskubidearen urraketa larri bat izan zela pasa den larunbateko finalerdietako partidan EPEL-ek hartutako erabakia. Demanda horrekin batera, kautelazko neurriak ere eskatu dira EAEko Justizia Epaitegi Gorenean, urriaren 18ko finala bertan behera uzteko.

Greba eskubidea oinarrizko eskubide bat da, eta eskubide horren funtsetako batek greba egikaritzen duen langile bat ordeztua ezin daitekeela izan dio; ez langilea, ezta langile horren lana ere. Beraz, greba egiten duen langileren bat partidara ez agertzearen ondorioz jokatu ezin den edozein partida bertan behera geratu beharko litzateke, onartezina da greba egiten duen langileak grebarik egon ez balitz lortuko lukeen emaitza ordeztea 22-0 batekin.

ELA-k eta langileek argi dute pasa den larunbatean gertatutakoa onartezina dela, bai juridikoki, bai etikoki. Gainera, aurrekari latza litzateke sektore honetako langileentzat etorkizun batean, greba eskubidea guztiz mugatzen duen erabakia baita.

Hala ere, epaitegiek auzi honetan erabakiko dutena ez dago ELA-ren kontrolpean. Datozen egunetan zehar jakingo dugu zer gertatuko den txapelketarekin, baina epaitegiek erabakitzen dutena erabakitzen dutela, langileek badute prest datozen egun eta asteetako mobilizazio eta ekintza egutegia. Epaitegiek diotena diotela, borrokak aurrera jarraituko du. Gatazkak ez dira epaitegietan irabazten, kalean eta negoziazio-mahaietan baizik. Langileek oso argi izan dute hasieratik BAIKO-k, EPEL-ek eta BAINET-ek gogor jokatuko zutela, eta prest daude borrokan jarraitzeko gatazkari irtenbide duin bat lortu arte.

Langileek berriz ere dei egin nahi diete BAIKO eta BAINET-i, bazterrak nahasteari utz diezaioten. Langilegoa epaitegietara joatera behartzea ez da bidea gatazka bati konponbidea emateko. BAIKO-k horrenbeste bider publikoki adierazitakoa egia bada, eta fede onez negoziatzeko borondatea badauka, garaia da hala egiteko. Langileek, sektoreak eta pilotazaleek eskertuko diote.