ELAk Koronabirusari aurre egiteko segurtasun neurriak betetzen ez dituzten elikagaien dendak eta kateak ixtea planteatuko du

2020/03/16
Hala egingo du, azpimarratu du, arduragatik eta langileen segurtasunagatik. ELAk jada lortu du Mercadonak betetzea exijitu zaizkion segurtasun neurri guztiak.

Koronabirusak eragindako krisiari aurre egiteko segurtasun neurriak betetzen ez dituzten eta langileak babesgabe uzten dituzten elikagaien dendak eta kateak ixtea planteatuko du ELAk. Hala egingo du, azpimarratu du, arduragatik eta langileen segurtasunagatik. "Ez du ezertarako balio pertsonak etxera bidaltzea, jende gehien dagoen lekuetan neurri horiek betetzen ez badira", diote sindikatutik. Izan ere, ELAk salatzen duen bezala, elikadura-banaketako kateetako langileek egunak daramatzate supermerkatuetara doan jende uholdearen ondorioak jasaten, eta horrek osasun-alarmako egoera baten aurrean segurtasun-protokoloak ez betetzea ekarri du. Horren froga da asteburu osoan ELAk aforoen araudia eta segurtasun neurriak betetzea exijitu behar izana. Neurri horrek fruituak eman ditu Mercadonan, adibidez, ELAk lortu baitu langileak babesteko eta kutsatze gehiago saihesteko eskatzen dituen segurtasun neurriak betearaztea.

"Oso tamalgarriak diren egoerak gertatu dira enpresetan, langileei urduritasuna eta ezinegona eragin dietena", diote. Salatu dutenez, legez sartu daitekeen jende kopurua gainditu egin da, plantillak ez dira nahikoak izan lan-kargei aurre egiteko, arrisku-egoeran dauden pertsonek ere lanera joan behar izan dute, segurtasun-neurriak falta izan dira (eskularruak, gela desinfektatzaileak, maskarak, segurtasun-distantzia ez gainditzeko lerro adierazgarririk ez egotea …)… Ildo beretik, arauak behar bezala betetzen ez diren kasuetan argibide zehatzak eman ez izana leporatu diote Lan eta Segurtasun Sailari ere.

Egoera horren aurrean, berriz ere elikadura-kateei honako hau eskatzen die:

  • Segurtasun-langileak kontratatzea edo dagokion gobernu-agintaritzari errekerimendua egitea sartu daitekeen gehienezko jende kopurua kontrolatzeko, arau horiek betetzera behartzea eta bezeroari horren arabera bakarrik sartzen uztea.
  • Langile gehiago kontratatu salbuespenezko egoera honi aurre egiteko.
  • Arriskuan dauden pertsonei ordaindutako lizentziak ematea: asma patologiak dituzten langileak, diabetesa dutenak, ebakuntzaren bat izan berri dutenak, haurdun daudenak edo defentsa baxuak dituztenak.
  • Maskarak, gela desinfektatzaileak, eskularruak eta zintak lurrean jarri beharra segurtasun-distantziak markatzeko.
  • Adinekoak eta adingabeak zaintzeko zailtasunak dituzten pertsonei ordaindutako lizentziak ematea.
  • Estrés egoerak saihesteko atsedenaldiak bermatzea.
  • Bezeroei eskularruak ematea eta erosketa-orgak desinfektatzea.

Sindikatuak eskerrak eman nahi izan dizkie supermerkatuetako langileei koiuntura honetan egiten ari diren ahalegin izugarriagatik, baita osasun arloko langileei ere, ezinbesteko duten lanagatik.