ELAk % 31rainoko soldata igoerak lortu ditu Amazonen banaketa azpikontratetarako
Amazonentzat banaketa lanak egiten dituzten Grusar Logística y Distribución (3 delegatu) eta Flash Delevery (5 delegatu) enpresatan ordezkaritza osoa izanik, ELAk hitzarmen kolektibo bat lortu du. Orain arte mezularitzako hitzarmen estatalaren lan baldintza kaskarrak zituzten.
Akordioari esker, Ezkerraldeko azpikontratetako 85 langileek % 31ko soldata igoerak izango dituzte bi urteko epean. Bi enpresek % 28 inguruko igoera aplikatuko dute 2025erako, eta % 3,1 gehiago 2026rako. Orain arte, LGSren pareko soldatak jasotzen zituzten.
Esparru berriak plusak ere jasotzen ditu, hala nola antzinatasunarena, hobekuntzak aldi baterako ezintasunen prestazioan, bai eta zerbitzua ematearekin lotutako beste plus batzuk ere. Gainera, 36 orduko lanaldia ezartzen da, Estatuko araudiaren 38 orduen ordez.
Aldi berean, ELAk Amazonen kontratazio prekarioaren ereduan arrakala bat irekitzen jarraitzen du, multinazionala azpikontratatutako enpresa aldaketen aurrean langileen enplegua bermatzera konprometitzen duen akordio batekin. Gaur egun, Amazonek enpresa batekin zuen kontratua deuseztatzen zuen bakoitzean, plantillak bere lanpostua galtzen zuen, Ezkerraldeko Vayven Deliveryn gertatu zen bezala.
Hemendik aurrera, Gruso Logística y Distribución eta Flash Delevery enpresetan lan egiten duten 85 pertsonak ez dira arduratu behar erraldoi teknologikoak hartuko dituen kontratazio-erabakiez: azpikontratatutako enpresa aldatzen bada, plantilla esleipendun berriaren parte izango da, aurreko baldintzei eutsiz. Guztiz berria da, horrelako akordio bat lortzen den lehen aldia baita.ELAk uste du akordio horiek oso erreferente garrantzitsuak direla plataforma digitaletan. Gauzak horrela, aurreratu dute lanean jarraituko duela Amazonek azpikontratatutako beste enpresa batzuen baldintzak hobetzeko.