Lehen greba eguna Bizkaiko Epaitegietako garbikuntzan soldata arrakalaren aurka

2022/02/16
ELAk 8 greba egun deitu ditu -otsailaren 16tik 25era- Bizkaiko Epaitegietako garbikuntzan-langileek pairatzen duten soldata arrakala iraultzeko eta lanaldi partzialak eta behin-behineko kontratuak dituzten langileei enplegua bermatzeko.

Urte eta erdiko negoziazioaren ondoren, azpikontratatutako Sacyr Facilities enpresak ez du onartzen langileek jasaten duten soldata arrakala, eta ez ditu onartzen sindikatuak bere lan baldintzak hobetzeko egindako proposamenak. Datuei erreparatuz, EAEko kale garbikuntzaren sektorean -gizonezkoak nagusi diren kolektiboa- batez besteko soldata urtean 26.343 eurokoa da (plusik gabe); hau da, emakumeek baino 5.000 euro gehiago kobratzen dute.

Era berean, Eusko Jaurlaritzak, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko esleipen publikoaren arduradunak, lurraldeen arteko diskriminazioa ahalbidetzen du. Lan bera eginez, soldata desberdinak ordaintzen dira. Horrela, Gipuzkoan zerbitzu bera ematen duten lankideen soldatak Bizkaikoak baino handiagoak dira, 2018an deitutako grebari esker. Izan ere, greba horretan soldata arrakala zegoela onartu zen eta lan baldintzak hobetzea lortu zen.