ELAk aurreakordio historikoa lortu du Bizkaiko etxez etxeko banaketaren lehen sektoreko hitzarmena sinatzeko

2021/03/23
Lortutako aurreakordioari esker, lehen aldiz, banaketako langileek babestuko dituen lan-esparrua izango dute. Orain arte, ez zuten inolako sektore-esparrurik, Langileen Estatutuak emandako babesa baino ez zeukaten, eta soldata eta lan-baldintza eskasak zituzten. Aurreakordioak, besteak beste, honako hobekuntza hauek jasotzen ditu: enpresa-aldaketen aurrean subrogatzeko eskubidea; hilean 1.200 euroko gutxieneko soldata; azken lan-erreformetatik babesten duten klausulak (aurreraeragin mugagabea, hitzarmena alde bakarrez ez aplikatzearen aurkako blindajea); eta autonomo faltsuak sektorean sartzeko muga.

ELAk aurreakordio bat lortu du Bizkaiko etxez etxeko banaketaren sektoreko lehen hitzarmena sinatzeko. Kolektiboak ez zuen esparru sektorialik, eta Langileen Estatutuak emandako babesa baino ez zeukan, horrek dakartzan lan-baldintza eskasekin. ELAk sektorea erregularizatzeko eta supermerkatu eta hipermerkatuetarako etxez etxeko produktuak banatzen dituen kolektiboaren lan- eta soldata-baldintzak nabarmen hobetzeko lortutako aurreakordioa mugarri garrantzitsua da, lehen aldiz lortzen baitu sektoren honetako gutxieneko lan-baldintzak blindatzea. Aurreakordioak honako hobekuntza hauek jasotzen ditu: enpresa-aldaketen aurrean subrogatzeko eskubidea; hilean 1.200 euroko gutxieneko soldata; azken lan-erreformen aurrean babesten duten klausulak (aurreraeragin mugagabea, hitzarmena alde bakarrez ez aplikatzearen aurkako blindajea); eta autonomo faltsuak sektorean sartzeko muga, besteak beste.

Sindikatuak gogorarazi duenez, azkenaldian, eta Legeari muzin eginez, plataforma digitaletan oinarritutako beste enplegu mota batzuk zabaldu dira, eta autonomo faltsuen bidez eskaintzen dute zerbitzu hori, beti ere, lan-baldintzen prekarizazioan sakonduz. Azken urteetan kontsumitzaileen erosteko ohituretan gertatutako aldaketen ondorioz, etxez etxeko banaketaren sektorea nabarmen hazi da, are gehiago pandemia betean.

Hala ere, zerbitzu hori ematen dutenen lan-baldintzek ez zuten beren lanaren garrantzia islatzen, ezta banatzen dituzten enpresei sortzen dizkieten onurak ere. Kasu gehienetan, zerbitzu hori azpikontratazio-modalitatearen bidez ematen da, nahiz eta benetan elikadura-merkataritzaren sektoreko enpresa handientzat lan egin.

ELAk azpimarratu du langileak antolatzen jarraituko duela, lan marko berri hau sektore guztietako banatzaileetaraino heltzeko. Helburua argia da: kontsumo kultura berriak eragindako prekarizazioari aurre egitea.