EHUNGINTZAREN ETA OINETAKOEN MERKATARITZA

ELAk bi greba egun deitu ditu Bizkaian eta Gipuzkoan estatalizazioaren aurka

2024/12/20
Abenduaren 23an eta 24an hitzarmen probintzialen alde protesta egingo dute langileek. ARTE multinazionalak biltzen dituen patronal berria estatuko lehen hitzarmena negoziatzen ari da, eta ELAk Euskal Herrian ez aplikatzeko eskatu du.

Ehungintzaren sektoreko marka handiek (Inditex, H&M, Mango, Tendam Retail, Kiabi eta Primark, besteak beste) osatutako ARTE patronal berriak estatuko lehen hitzarmenaren negoziazioa sustatu zuen 2023ko uztailean. Harrezkero, hainbat negoziazio bilera egin dira, eta ELA, hainbat greba egunen bidez, Euskal Herria Estatuko hitzarmen honen lurralde eremutik eta eremu funtzionaletik kanpo uzteko eskatzen ari da.

Datozen astelehen eta astearteetan, Gipuzkoako eta Bizkaiko ehungintzaren eta oinetakoen merkataritzaren sektoreko langileak kalera aterako dira berriro, Hego Euskal Herrian hitzarmen probintzialak aplikatzen jarraitzea aldarrikatzeko. ARTE patronalak ELAren aldarrikapenak onartuko zituela zirudien arren, azken unean enpresek atzera egin zuten. Horregatik, sektoreetako langileek borrokan jarraituko dute.

Hego Euskal Herrian ARTE patronalaren estatuko hitzarmena aplikatuz gero, borroka eta antolaketa sindikalari esker lortutako baldintzak kolokan egoteaz gain, hitzarmen probintzialen negoziazioa bera ere arriskuan dago. Beraz, ELAk mobilizazioekin aurrera jarraituko du ARTE patronalak EAE eta Nafarroa Estatuko hitzarmenetik kanpo utzi arte.