Custom Massevents (INNPALA)
ELAk bilera bat eskatu dio Innpalari palista profesionalen egoera argitzeko

Custom Massevents (Innpala) enpresak pala profesionala kudeatzeari utziko diola iragarri ondoren, ELAk plantillaren (Bilbon jokatzen duten 10 profesionalen) egoera argitzeko exijitu dio enpresari. ELAk kritikatu du Innpalak palistei jakinarazi ziela erabakia otsailaren 28an, egun horretan bertan jokatzen ziren partiden aurreko bilera batean, inolako azalpenik gabe eta ziurgabetasun giroa sortuz. Gainera, sindikatuak adierazi du enpresaren erabakia etorri dela sektoreko baldintzak duinduko zituen hitzarmen kolektibo bat negoziatzen hasteko asmoa azaldu ondoren.
Nahiz eta enpresak publikoki adierazi pala kudeatuko duela beste lizitazio bat egin arte, plantillaren zalantzak agerian geratzen dira: zer gertatuko den lizitazio berria baino lehen amaitzen diren kontratuak dituzten palistekin, zer gertatuko den kontratua Urrezko Pala Pro (Mungiako Torneoaren finalaren) aurretik amaitzen zaien palistekin, zer aukera dauden gainerako torneoetan jokatzen jarraitzeko urtea amaitu arte...
Aurreko zalantzak argitzeko, enpresari ez ezik, ELAk bilera bat eskatu dio Bizkaiko Foru Aldundiari, zerbitzuaren azken arduradunari. Pilotariek negoziatzeko borondateari eta lan egoerari irtenbidea bilatzeko asmoari tinko eusten diote.