ELAk Bizkaiko Ostalaritza Hitzarmena aplikatzea lortu du Bizkaiko Dominos Pizza dendetan

Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak epaia eman du Bizkaiko Dominos Pizza dendetan Bizkaiko Ostalaritzako hitzarmena aplikatu behar dela adierazteko. ELAk jarritako salaketei esker lortu da hori. Gaur egun, Etxean Saltzeko Sukaldeko Produktuen Elaboratzaileen estatuko hitzarmena aplikatzen du enpresak. CCOOk eta UGTk sinatutako estatuko hitzarmen honek Bizkaiko Ostalaritzakoak baino baldintza okerragoak ditu. Besteak beste, Lanbide-arteko Gutxieneko Soldatara iristen ez diren soldatak jasotzen ditu. Bestalde, Bizkaiko Ostalaritza Hitzarmenak urtean 21.285,90 euroko soldata jasotzen du zerbitzari kategoriarako.
Lanaldian ere bi hitzarmenen arteko jauzia garrantzitsua da. Bizkaiko ostalaritza-hitzarmenarekin lan egiten duten pertsonek 1.750 orduko lanaldia dute urtean; Estatuko hitzarmen honek, berriz, 1.788 orduko lanaldia jasotzen du.
Epai hori oso berri ona da langileentzat, bizi duten lan-prekarietatetik ateratzea ekar baitezake. Epaia ez da irmoa, eta haren aurka errekurtsoa aurkez daiteke.